Switch 2 kontsolako esklusiboa izango da: ateratze tiro jokoa prestatu du oraingoan Nintendo-k. Kooperatiboan ere jokatu ahalko da.

Nintendok Splatoon Raidersen kaleratze data ezagutera eman du: jokalari bakarrari zuzendutako obra uztailaren 23an estreinatuko da.

Jokoa iazko ekainean aurkezterakoan iragarri zuten modura, N handiaren azken kontsolan baino ez merkaturatuko; alegia, Switch 2ko esklusiboa da aurtengo Nintendoren udako apustua.

Splatoonek beti eduki ditu jokalari bakarra ardatz hartzen dituen kanpainak, baina, batez ere, multijokalarira zuzendutako tiro jokoen saga izan da. Raidersek jokalarien arteko duelu lehiakorrak guztiz alboratuko ditu ateratze tiro joko (extraction shooter) bilakatzeko.

Spirhalite irletan zehar barneratuko den mekanikoaren rola jokatuko dute jokalariek. Inkling izakia sortzea erabiltzaileen esku egongo dela ikusi dugu azken bideoan, itxura orokorra ezartzeko editorearen bidez.

Hori eginda, irla bakoitzean altxor bila abiatuko dira protagonistak; izan ere, jokalariak ez dira guztiz bakarrik egongo. Frye, Shiver eta Big Man musikalari hirukoteko kide baten laguntza eskatu ahalko da misio bakoitzean: robot indartsu baten gainean jarraituko dute protagonista.

Norgehiagoka multijokalariak ikusi gabe geratuko bagara ere, sareko partida kooperatiboak agindu dituzte egileek. Lau laguneko taldeak osatuta aurre egin ahalko zaio altxor bilaketari.

Ordainsariekin dirua irabaziko dugu, baina baita abileziak eskuratu ere: mekaniko protagonistak jauzi bikoitzak, kolpe hilgarriak eta bestelakoak ahalbidetuko dituzten objektuak sortzeko gai izango da lortutako altxorrekin. Ekipamendua hautatuta, dozenaka arerio akabatzen ariko gara irletatik aurrera egin ahala: Salmonid izeneko arerioak dira, itxura batean, etsai nagusiak oraingoan.

Uztailaren 23an Switch 2 kontsolan kaleratuko da Splatoon Raiders.