X izpi betaurrekoak jantzita jokoaren barrenak ikusteko
Bideojokalarion bizitzan maiz suertatzen da joko bat jostatu nahi izatea, baina behin eta berriro saiatu arren, jokoari nola heldu ez jakin eta bertan behera uztea. Titulu hau izan da nirea, gutxi horietako bat behintzat.
Double Agent, Splinter Cell saga nagusiko laugarren jokoa da. Erosi nuenean guztietan berriena zena eta duela hilabete batzuk arte amaitu ezin izan dudana. Titulu hauekin ez neukan aurretiko esperientziarik, baina ez dut ezagutzen aurreko jokoak onak ez direla esaten duenik. Beno, Game Boy Advance-ko Splinter Cell jokatuta neukan, baina bi dimentsiotan garatutako jokoa izanik, ez du zer ikusirik bere ahizpa garaienekin.
Txuriak txuri
Jokoaren menuan murgildu orduko tutoriala aurkitu dut. Hau bera, hiru zatitan banatuta dago: Oinarrizko mugimendua, ezkutuko mugimendua eta borroka lantzeko. Hemen utzi nuen jokoa lehenengo aldiz, frustrazioak jota.
Tutoriala errealitate birtualeko gela txuri amaigabe batzuetan garatzen da, argibide gutxirekin eta inolako adierazle bisualik gabe. Dragoi Bolako Arima Denboren gelan egotea bezala, baina pantailako distira jeisteko beharrarekin, txuritasun guztiarekin erretinak ez erretzeko. Youtubeko bideotan tutoriala 7 minututan gailentzen dute, nik ordu oso bat behar izan dut osatzeko, gai izan naizen aldi bakarrean.
Son Gokuk hilabete bakarra iraun omen zuen hemen barruan
Zorionez tutoriala ez da derrigorrezkoa istorioa jostatzeko. Jokoa mailaka zatituta dago eta guztietan lehenengoak tutorialak baino lan hobea egiten du jokoaren hara eta honakoak erakusteko.
Jostatu besterik ez dut nahi
Istorioak Sam Fisher erakunde armatu batetan infiltratzera darama, honen buruzagia preso dagoen espetxean atxilotuta sartuz eta hura handik ateratzen lagunduz. Erakunde armatu honek misio ezberdinetara bideratuko du protagonista, Splinter Cell sagaren betiko estiloan, gero beraien basera itzularaziz. Basean dagoen bitartean, erakunde armatu honek lan ezberdinak bidaliko dizkio, adibidez, munizioa mugitu edo lehergailuak muntatzea.
Une berean, benetan partaide den erakunde polizialak ere, baseko lanak ezkutuan zapuzteko eskatuko dio Sam Fisherri, ikusiak izan gabe. Ideia atsegin dut, askotan denbora mugatua dago guztia egiteko eta harrapatua ez izan nahiaren tentsioak jokoan murgildu nau. Bi erakundeekiko sinesgarritasuna ere mantendu beharra dago eskatutakoaren zati bat behintzat eginez.
Basetik kanpoko misioak leku askotarikotan gertatzen dira. Lehenengoa glaziar bateko kanpaleku bat gurutzatu eta itsasontzi batetan sartzea da, adibidez. Jokoa birritan bertan behera utzi dudan beste puntua gainera. Maila hau gailendu ondoren ulertu dut nire frustrazioaren funtsa: Mapan zehar dauden zaindarien bistari neurriz kanpoko balioa ematen nion. Miope hutsak dira ordea.
Nik etsaiak ikusten banituen, haiek ni ikus ninduketela uste nuen. Horrek guardiengana ez hurbiltzea eragiten zidan, jokoa amaitzeko aukera eduki gabe. Jolasaren funtsa zaindariak atzetik heldu eta inork ikusi gabe konortea galduaraztean datza. Hau ulertuta jokoa nahiko erraza egin zait, pare bat unetan salbu. Jokoa bere okerrenean dago froga eta akats moduan funtzionatzen duenean, helburu batzuk era jakin batean osatzera behartuz.
Shangaiko hoteleko leihateetan kanpotik rapelatzen jarri ninduenekoa dut gogoan. Elkarrizketa bat entzun, helikoptero baten argia saiestu eta zaindari bat lehiora irtetea itxaron behar da arnasteko denborarik gabe eta jokoak nahi dituen botoi zehatzak sakatuz. Neu naiz aparteko espioia! Utzidazu inprobisatzen!
Aparteko unea, hamaikagarren aldiz errepikatzen den arte
Bestela, jokoak nire erritmora jolasten utzi dit. Mailetan zehar askatasun pixka batekin mugitzeko aukera eman dit eta asko eskertu dut. Ez dago inbentario zailik gainera. Arma gutxi batzuk daude eskura, urrutiko mikrofonoa arma bat bezala erabiltzen da eta dauden bisore ezberdinak botoi bakarrarekin aldatzen dira. Jokalaria espioi baten azalean jartzearen esperientzia bilatzen saiatu direla esango nuke, nahiko ondo lortua gainera, talde armatuaren baseko misioetan batez ere.
Belaunaldi aldaketaren erdian
Joko hontako agente bikoitza, ordea, Ubisoft bera da. 2006an jokoaren bi bertsio ezberdin kaleratu zituzten: Bata Xbox-erako, PlayStation 2-rako eta GameCube-rako, bigarrena PS3,-rako Xbox 360-rako eta Microsoft Windows-erako. Ubisoft Montrealen eta Ubisoft Shanghairen eskutik hurrenez hurren.
Nik Windows bertsioa daukat eskuartean. Bertsio ezberdintasunak gutxi balira, Xboxeko jokoa bere kontsola aurkarietan argitaratu zenaren moldaketa bat da, grafiko hobeak eta maila eraldatuekin.
Windows bertsioa, jostatu dudana, teknikoki ongi dago bere garairako, modelo konplexuak dauzka, atmosfera efektu onak eta argi joko nabarmengarriak. Inguruneko soinuak erraz ezberdintzen dira, baina tamalez ez daukate garrantzia handirik jostagarritasunarekiko. 2006ko bideojokoak garai arraro batean daude atzera begira teknikoki epaitzeko, hurrego urtean Bioshock, Modern Warfare, Halo 3 eta noski, Crysis argitaratuko zirelako, ordurarte ikusitako gehiena zaharkituta utziz.
Oro har, jokoa atsegin dut. Kontrola eta goardien adimen artifizialaren aurkako borroka amaitu ostean joko entretenigarri batekin topo egin dut. Jarraitzeko moduko garrantzia behintzat daukan istorioarekin eta tentsioan eduki nauten misio batzuekin. Aukeran, tutorialean eskutik heldu izana eta misio batzuetan eskua askatu izana eskatuko nuke.
Pantaila argazkiak:
Iruzkinak