Garapen prozesua hasi baino ez dute egin; asko falta da oraindik lehen bideoak ikusteko, eta are gehiago jokatzeko.
Sam Fisher agentearen jarraitzaileek 2013tik daramate joko berri baten zain: Blacklist argitaratu zutenetik espioia desagertuta ibili da, berriz azaltzeko hainbat keinu egin dituen arren. Seinale horiek alboratu, eta Ubisoftek apaindura handirik gabe bere blog ofizialean iragarri du Splinter Cellen abentura berria; jatorrizko jokoaren remakea izango dela dirudi.
Ez dago guztiz argi lehen Splinter Cellera mugatu diren, halere: prentsa oharrean “frankiziaren ibilbide aberatsean oinarritutako remakea” aipatzen dute, beraz agian zertzelada berriak dituen obra prestatzen ari dira.
Ubisoft Toronto izango da Sam Fisherren itzuleraz arduratuko den estudioa. Argi utzi dute: “garapenaren lehen faseetan gaude oraindik”. Hortaz, bideo-jokoa oraindik ikusteko asko falta dela barneratu beharra dago. Enpresa frantsesaren Snowdrop motor grafikoaz baliatuko dira Tom Clancy idazleak sortutako abenturei bizia emateko.
Hori bai, garatzaileek argi utzi nahi izan dituzte Splinter Cellen ardatzak zeintzuk diren. “Lehen jokoen arimak bere horretan jarraitzen duela ziurtatu” nahi dutela dio, adibidez, Matt West ekoizleak. Antzekoa aipatu du Chris Auty sormen zuzendariak: “egoerak aztertzea, planak eratzea, tresnak erabiltzea eta arerioak baino zorrotzagoa izatea” garrantzitsua izango dela aldarrikatu du.
Esan bezala, azkenik iragarri duten arren Splinter Cell berria urrun dago oraindik; ez dute argitaratze datarik zehaztu, ezta merkaturatzeko plataformak ere.
Iruzkinak