Steam bidez estreinatuko da Cloud Imperium Games-en espazio simulazio eta tiro jokoa. Star Citizen erosita dutenek, dohainik jasoko dute.

Squadron 42 desiratuaren gutxi gorabeherako estreinatze data zehaztu dute Roberts Space Industries argitaletxetik. Star Citizenen jokalari bakarrarentzako istorio modua 2027ko bigaren hiruhilekoan argitaratuko du Cloud Imperium Games estudioak.

Trailer ikusgarriarekin egin dute iragarpena, aspaldi aurkeztutako aktore sorta ezaguna berriz aditzera emanez: Gary Oldman, Henry Cavill, Mark Hamill, Mark Strong, Gillian Anderson edo Andy Serkis ikusiko ditugu zinematiketan zehar.

StarEngine motore grafikoaz baliatuta, atal grafiko indartsua agintzen du bideojokoak. Mekanika eta ideia ugari elkartuko ditu Squadron 42k. Espazio ontzi gainean ariko gara, nola ez… baina Star Citizenek egin nahi bezalaxe, denetariko jokagarritasun oinarriak ikusiko ditugu kanpainan: tiroketak, puzzleak, isilpea edo esplorazioa ere proposatuko ditu, guztia aurkezpen ikusgarriarekin bilduta. Erabakiak eta RPG elementu gutxi batzuk ere aipatzen dituzte egileek.

Ingurune suntsigarriak, loot edo baliabide sistema, fisika bidezko erronkak… Gauza gehiegi bereganatu nahian dabiltzala dirudien arren, Star Citizenekin urte luzez aipatutakoak eta gehiago fintzeko zein prestatzeko denbora eduki dutela gogoratu beharra dago. 2012an ezagutarazi zuten Squadron 42, Star Citizenekin batera. Duela bi urte ikusi genuen lehen jokagarritasun bideoa, halere, itxura ikusgarria erakutsita.

Datorren urteko apirilaren ondoren iritsiko zaigu, dena ondo badoa, Squadron 42. Steam bidez —dagoeneko orrialdea jaso du— argitaratuko dutela aurreratu digute egileek; are gehiago, Star Citizen erosita dutenek jokalari bakarrarentzako kanpainarako kodea ere jaso beharko lukete.