Stadia Games & Entertainment osatzen duten estudioko garatzaileek ez dute zerbitzurako jokorik argitaratu.

Google Stadia harpidetza zerbitzuko bi estudioak ixteko erabakia hartu du bilatzailearen enpresak. Phil Harrison Google Stadiako zuzendari nagusiak zerbitzuaren blogean jakitera eman duenez, bertan behera gelditu da Stadia Games & Entertainment marka osatzen izan duten Montreal eta Los Angelesko garatzaileen lana.

“Zure gustoko bideo-jokoak edonon uneoro eskuragarri edukitzeko helburuarekin prestatu genuen Stadia”, adierazi du Harrisonek. Zerbitzuaren funtzionamendu egokia baieztatzeko Cyberpunk 2077ren argitalpen arrakastatsua nabarmendu du, horri esker “Stadiaren teknologia baliozkotzat jotzen” dela eta Googlek hasitako bide hori “industriaren etorkizuna” dela aldarrikatuta.

Beste garatzaileekin gauzatutako elkarlanean sakontzea izango da Stadiako arduradunen ardatza oraindik aurrera. Hori horrela, bideo-joko esklusiboak alde batera uztea erabaki dute; 150 bat langilez osatutako Stadia Games & Entertainment zerbitzurako bideo-jokorik garatu gabe geratu da azkenean; langile horiek Googlen baitan lanpostu berriak izango dituztela azaldu dute. SG&M estudioen buru Jade Raymondek, bestalde, bere kargua utzi du erabaki horren ondorioz.

Etorkizunarekin konpromisoa

Stadiari dagokionez orain arte bezala funtzionatzen jarraituko duela agindu du Harrisonek, eta obra berriak gehitzen joango dira. “Hodei bidezko jokoaren etorkizunarekin konpromiso bat daukagu, eta industria hau aurrera eramaten jarraitzeko lana egingo dugu”.

Google Stadia eta hodei bidezko bideo-jokoen zerbitzuak osatzen dituzten gainerako plataformak ezagutu nahi badituzu, Game Erauntsian horien berri eman dugu erreportaje batekin.