GSC Game World estudio ukrainarrak aurreikusitakoa baino denbora gehiago beharko du tiro jokoa PCan eta Xbox Series kontsoletan kaleratzeko.

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobylen argitaratze data zehaztu du GSC Game World taldeak. Irailaren 5ean estreinatuko dela jakinarazi dute azken bideo motzaren bidez.

Esperotakoa baino denbora gehiago. Jokoak denetariko atzerapenak eta geroratzeak jaso ditu: 2020ko Xbox Game Showcase aurkezpenean iragarria, 2022rako kaleratzea espero zen. Orain aste batzuk 2024ko lehen hiruhilekoan estreinatzeko asmoa agertu zuten ukrainarrek. Ez da horrela izan, eta, esan bezala, urte bukaerara igaroko da azkenik.

Adierazi dutenez, azken akatsak eta arazoak konpontzeko beharrezkotzat jo duten erabakia da. “Badakigu une honen zain zaudetela, gu bezala. Baina prestaketak beharrezkoak dira eremurako bidaia aurreikusitakoa bezala izateko”, diote. “Eskerrik asko zuon pazientziagatik eta etengabeko babesagatik”.

Datozen hilabeteotan marketing eta promozio kanpaina indartzea bilatzen dutela ere aipatzen dute arduradunek: “Presta zaitezte askoz informazio gehiago jasotzeko”.

Hori, dena ondo badoa. Esan bezala, S.T.A.L.K.E.R. 2ren sortzaileak ukrainiarrak dira: gerraren ondorioz garatzaileak zein bulegoak galdu dituzte azken hilabeteetan. Yevhen Grygorovych GSC Game Worldeko zuzendaria hainbat aldiz agertu da egoera gogorraren inguruan mintzatzeko, zaleei euren babesa eskertuz.

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobylen eremua izeneko gune latzera itzuliko gara berriz. Chornobylen —ukrainarrek euren deitura erabiltzen dute herria izendatzerakoan— 1986. urtean jazotako zentral nuklearreko istripuaren kokalekura, hain zuzen.

2006an gertatutako beste istripu baten ondoren, toki arriskutsu honetan bizirauten duten gizaki bakarrak stalkerrak dira: altxorren eta bestelako objektu misteriotsuen bila dabiltzan mertzenarioak. Horietako baten rola beteko dugu abenturan, mundu ireki zabala esploratuz eta erabakiak hartuz.

Tiro jokoa bi plataformetan kaleratuko da: ordenagailuetan nahiz Xbox Series X eta S kontsoletan. PCaren kasuan Steam, Epic Games Store eta GOG plataformetan erosi ahalko dugu; bi plataformek, gainera, Xbox eta PC Game Pass zerbitzuetan ikusiko dute.