Lylat Wars-en berregite berria atal grafiko ikusgarriarekin iritsiko da Nintendo-ren azken kontsolara.
Nintendok Star Fox aurkeztu du. Fox McCloud azeri mertzenarioak eta bere taldeak ekainaren 25ean bidaiatuko dute Switch 2 kontsolara.
Zurrumurru ugari entzun ditugu azken asteotan Star Fox berri baten inguruan, eta Nintendok, inolako zeremoniarik gabe, ezagutzera eman du ustekabeko Direct bereziarekin.
Lylat Warsen berregite zuzena —hau da, Star Fox 64ren— izango da obra berria: SNESko originalaren berregitea zen Nintendo 64koa, eta Lylat Warsek ere Star Fox 64 3D zein Star Fox Zero jaso ditu beranduago. Hortaz, Andross zitalaren aurkako kanpainaren istorio berbera kontatuko digute beste behin.
Atal grafiko harrigarria izango zuela aurreratzen zuten zurrumurruek, eta horrelaxe izango da: Arwing ontziaren —zein Landmaster tankearen eta Blue Marine itsaspekoaren— gainera igota arkade tiroketa ikusgarriak biziko ditugu. Estetikoki aldaketa handiak proposatzen ditu berregiteak, halere: Star Fox originalaren diseinuetako animalia antropomorfiko errealistak berreskuratu dituzte oraingoan.
Fox, Falco, Slippy eta Peppy mertzenarioen taldea Lylat sisteman zehar gidatuko dute jokalariek. Dozenaka arerio akabatuko dituzte maila bakoitzean, era guztietako arriskuei aurre eginez, bukaeran bizitza barra erraldoia edukiko duten buruzagi indartsuei aurre egiteko. Maila bakoitzean egindako balentrien eta hartutako erabakien arabera, bide desberdinak irekiko zaizkigu Lylaten zehar.
Istorioa biziberritzeko kalitate handiko zinematikak prestatu dituzte berregitean. Foxen taldearen bizipenak ikusiko ditugu misio batetik bestera; ez hori bakarrik, James McCloud aitaren azken misioa ere aurkeztu digute Directean.
Kanpaina modalitatearekin batera gainditutako mailetan desafioak proposatuko dituen erronka joko mota eta lau jokalariko bi talde elkarren aurka jarriko dituen bataila modalitatea aipatuko dituzte N handikoek: azken honetan Star Fox zein Star Wolf kontrolatuko ditugu.
Ekainaren 25ean aireratuko dira Arwing espazio ontziak Switch 2an.
Zurrumurruak baieztatzen
Martxo bukaeran iritsi zitzaigun filtrazio sortako lehen jokoa zen Star Fox. NateTheHate insider ezagunak aipatutako gainerakoak ere benetakoak direla pentsatu behar dugu, beraz.
Gogoratuz, zurrumurrurik handiena Link heroiari lotutakoa zen: zehazki, denboraren heroiari. The Legend of Zelda: Ocarina of Time klasikoa ere berregiten omen dabil Nintendo. Ez bada ezer aldatu, udan aurkeztuko dute ofizialki Kiotokoek, eta urte bukaeran iritsiko da Switch 2ra.
Horrekin batera, Super Mario iturginaren hurrengo titulua aipatu zuen Natek. Hiru dimentsioko plataforma jokoa izango ei da, eta 2027an aurkeztuko du N handiak.
Lander Unzueta
Iruzkinak