PC-ra nahiz PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara iritsiko da Square Enix-en JRPG abentura. Iragarpena trailer berriarekin egin dute.

Square Enixekoek jakitera eman dutenez, Star Ocean frankiziako seigarren atala urriaren 27an kaleratuko dute. Tri-Ace estudioa ari da Star Ocean: The Divine Force garatzen.

Esploratzeko askatasuna izango da bideojokoaren ardatzetako bat: hiriak, mendiak, kobazuloak eta gehiago aurkeztuko dituen mundu zabala ikertuko dugu obra honetan. Are gehiago, sagan orain arte ikusitako kokalekurik handienak prestatzen ari direla agindu dute.

Argitaratze data baieztatzeko erabilitako bideoan pertsonaiei eta borrokei buruzko xehetasunak ere eskaini dituzte, gainera. Protagonisten kasuan, bi izango dira nagusiak: alde batetik, Ydas ontziko Raymond kapitaina kontrolatuko dugu; bestetik, Laeticia printzesa gerlariaren rola hartuko dugu bideojokoan. Hala eta guztiz ere, bestelako adiskideak ere gehituko dira gure taldera.

Borrokei dagokienez, JRPGa izan arren ahaztu txandakako borroka geldoak. Trailerrean ikus daitekeenez, duelu bizkorrak eta dinamikoak izango dira nagusi The Divine Forcen: ekintzak gauzatu ahal izateko puntuak edukiko ditugu, baina abilezia ikusgarriekin era guztietako erasoak burutzeko gai izango gara.

Bukatzeko, hartu ahalko ditugun erabakien garrantzia azpimarratzen dute Square Enixetik. Nahiz eta dagoeneko horren ohikoa den mekanika izan, heroien patua aldatzeko aukera anitzak edukiko ditugula dirudi.

Star Ocean: The Divine Force PCan, PlayStation 5-ean, PlayStation 4-an, Xbox Series-etan eta Xbox One-an kaleratuko da urriaren 27an.