Nightdive Studios taldea 1995eko klasiko maitatua eraberritzeaz arduratuko da, aurretik beste hainbat tiro jokorekin egin bezala.

Izarretako Gerraren bideojokorik klasikoenetako bat datorren urte hasieran berpiztuko da. Lucasarts taldearen Star Wars: Dark Forces bermasterizazioa otsailaren 28an argitaratuko dutela baieztatu du Nightdive Studios taldeak.

Jatorriz 1995. urtean estreinatu zen bideojokoa PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta PCan bermasterizatuko dute. Txukuntze lanak egiteko Nightdivekoen KEX garapen motorea erabiliko da.

Horrela, gaur egungo gailuetan 4K bereizmenean eta segundoko 120 irudiko tasan mugitzea posible izango da. Irudi kalitateaz gain hobetutako testurak zein argiztapena eta aginteentzako euskarria agintzen dute bermasterizazioaren arduradunek.

Star Warsen zaleek ondo ezagutuko duten izenaren itzulera suposatuko du bermasterizazioak: Kyle Katarn mertzenarioaren lehen agerpena eman zen bideojoko honetan. Ondoren, Katarn Jedi Outcast mitikoetan —hau da, Dark Forcesen jarraipenetan— egin zen benetan ezaguna.

Dark Forcesen ikusitako hamalau mailak, hamar armak eta 20 etsai motak bueltan dira, beraz. Tiro joko klasikoen mekanikak hartzen ditu tituluak; hortaz, lehen pertsonan stormtrooper-ak akatzen ibiliko gara, baita George Lucas zinemagileak sortutako unibertsoko bestelako arerioen aurka egiten ere. Puzzle txikiak aurkituko ditugu nonahi, eta mapak sekretuz josita egongo dira.

Star Wars: Dark Forces, esan bezala, 1995ean argitaratu zen: ordenagailuetan estreinatu zen lehenengo, baina hilabete batzuk beranduago PS1 kontsolarako port-a prestatu zuten sortzaileek. Nightdive halako jokoak eraberritzen aditua da: aurretik aspaldiko System Shock, Shadow Man edo Blade Runner bermasterizatzeaz arduratu dira taldean, emaitzak bikainak lortuta.

Otsailaren 28ra arte itxaron beharko dugu Dark Forcesen moldaketa berrian jokatzeko. Aipatu modura, gaur egungo kontsolek eta PCek jasoko dute remasterra.