Fuse Games taldekoek 2027rako agindu dituzte, jokalarien eskariak entzunda. PC, PS5 eta Xbox Series hirukotean joka daiteke dagoeneko.
Star Wars: Galactic Racer eguneratzen eta edukiak gehitzen jarraituko du Fuse Games taldeak. Hurrengo gaurkotze handiak tokiko multijokalaria zein partida askeak eskainiko dizkie jokalariei.
Erabiltzaileek eskatutako ezaugarriak “2027 hasieran” kaleratzeko asmoa iragarri dute, lehen xehetasunak eskainita. Modalitate askearekin, hasteko, ibilgailua, pertsonaia, planeta eta zirkuitua hautatuko ditugu, nahi bezala lehiatzeko. Lau jokalari elkarrekin aritzeko aukera gaineratuko du tokiko multijokalariak, bestalde, aspaldiko partidak gogorarazita.
Urrian estreinatu zen lasterketa bideojokoa, ordutik hona emaitza onak eskuratuta: 1,5 milioi salmentak gainditu ditu Galactic Racerrek. Iritziak ere baikorrak dira, balorazio oso positiboak bilduta Steam bezalako saltokietan erosi dutenen aldetik.
Episode I Racer maitatuaren bidea jarraituz, leka lasterketak (podracing) mantentzen eta ibilgailu sorta zabala gaineratzen ditu tituluak, Star Wars unibertsoko denetariko makinak inplementatuta. Liga galaktikoan lehiatuko dira gidariak: araurik gabeko norgehiagoka arriskutsuetan, alegia. Jokalari bakarrarentzako kanpainarekin nahiz online norgehiagokekin borobilduko dute Star Warsen titulu berria.
PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatu da Star Wars: Galactic Racer. Modalitate askea zein tokiko multijokalaria 2027ko lehen hilabeteetan helduko dira.
Lander Unzueta
Iruzkinak