PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara iritsiko da Episode 1: Racer mitikoaren oinordekoa. Fuse Games taldearen lana da; beraz, Burnout-en beteranoena.

Secret Mode argitaletxeak Star Wars: Galactic Racer lasterketa jokoaren kaleratze data zehaztu du: urriaren 6en merkaturatuko da.

Plataformei dagokienez, ordenagailuetan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan lehiatuko dira lasterketa arriskutsuak. Episode 1: Racer maitatuaren oinordekoa dela esan daiteke; hori horrela, Izarretako gerraren filmetan ikusitako ibilgailu desberdinen arteko lasterketak biziko dituzte jokalariek. Leka erako ontzien dueluak egongo dira, baina, oraingoan, katalogoa areagotuko da sagako speeder motako ibilgailu anitzekin.

Liga galaktikoan lehiatuko dira gidariak: araurik gabeko norgehiagoka arriskutsuetan, alegia. Hamabi gidari ariko dira araudi eta modalitate desberdinetan banatutako lasterketetan. Arkade partidak zein eszenarioak deitutako modalitatea aipatzen dituzte egileek; azken honetan, era guztietako erronkak gainditu beharko dira.

Jokalari bakarrarentzako istorio joko mota ere aurkeztu dute: Shade izeneko gidari misteriotsuaren rola jokatuko da. Bere helburua Kestar Bool maltzurraren liga deuseztatzea izango da. Horretarako, Hibi mekanikoaren laguntza jasoko duibilgailuak pertsonalizatzeko, eta norbere trebeziara moldatzeko.

Galatic Racerren atzean Fuse Games estudioa aurkitzen da. Euren lehenengo lan handia izango bada ere, ibilbide luzeko garatzaileak aurkitzen dira bertan; hain zuzen ere, Burnout originaletan lan egindako Criterion taldeko beteranoek osatzen dute.

Urriarne 6an PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Star Wars: Galactic Racer.