Oculus Quest 2 gailuetan soilik joka datieke Jedi Quest-en beta bertsiora. Mod osoa 2023 hasieran kaleratu nahi dute zaleek.

Nork ez du amestu Jedi bat izatearekin? Horixe bera proposatzen ziguten Star Wars Jedi Knight sagako jokoek —beste hainbatek bezala, noski—. Orain, zaleek bideojoko maitatu hauetan bizitakoa beste maila batera eraman nahi dute; izan ere, Jedi Outcast errealitate birtualerako moldatu dute mod baten bitartez.

Jedi Knight Quest izenpean, Kyle Katarn mertzenarioaren rola hartuko dugu berriz eraldaketa honetan. Momentuz, sarbide goiztiarrean kaleratu dute Team Beef taldeko kideek: lehenengo maila mitikora soilik joka daiteke errealitate birtualean.

Hori bai, moldaketa bikaina dela dirudi bideoa ikusita: lehen pertsonako ikuspegian, eta armak zein ezpata laserrak eskuetan hartuta, denetarik egin ahalko dugula ikus daiteke. Blasterren tiroak bueltatu, ezpata jaurti, Stormtrooper-ak nahi bezala akatu… gozamen hutsa Star Warsen zaleentzat.

Datozen hilabeteotan modarentzako eguneraketak argitaratuko dituztela diote Beefekoek: adabaki bakoitzarekin maila gehiago gaineratuko dizkiote. Hori horrela, 2023ko lehen hiruhilekoan moda guztiz amaituta egotea aurreikusten dute.

Egia da VR-rako hainbat bideojoko jaso dituela Izarretako Gerraren frankiziak; hala ere, zaila da Jedi Outcast bezalako titulu maitatua aurkitzea. Hori esanda, Jedi Knight Quest ez da joko berean oinarritutako VR lan bakarra izango: beste zale batzuk birmasterizazio propioan lan egiten dabiltza.

Jedi Knight Questen beta bertsioa probatu nahi dutenek Side Quest VR webgunean aurkituko dituzte fitxategiak. Hori bai: zoritxarrez, Oculus Quest 2 errealitate birtualeko gailuen esklusiboa da, momentuz behintzat. Hori horrela, ez du funtzionatuko gainerako betaurrekoekin.