2023an kaleratuko dute Respawn Entertainment-ek eta Electronic Arts-ek. Trailer zinematikoarekin iragarri dute.

Star Wars Jedi: Fallen Order izan da, zalantzarik gabe, azken urteetako Izarretako Gerraren bideojokorik maitatuenetakoa. Hori horrela, eta bere bukaera kontuan hartuta, jarraipena espero izatekoa zen, eta Electronic Artsekoek dagoeneko aurkeztu dute. Star Wars Jedi: Survivor prestatzen ari da Respawn Entertainment.

Trailer zinematiko baten bidez egin dute aurkezpena. Ahaztu beraz jokagarritasuna ikusteaz, horretarako itxaron egin beharko dugu oraindik. Misterio handiak, esploratzeko planeta eder zein misteriotsuak eta, nola ez, laser ezpata borrokak ikusiko ditugu Jedien eta Sith-en jokoan.

Cal Kestis padawan-a itzuliko da bigarren abentura honetan —berriz ere Cameron Monaghan aktoreak antzeztuta—. Gidoiari buruz ezer gutxi esan dute, hori bai: “garai ilunak” nagusi izango dira, eta bizirautea ardatzetako bat; hortik dator, nola ez, Survivor azpititulua. Cal eta bere taldea bizirauteko edozer egiteko prest egongo dela nabarmendu du Stig Asmussen tituluaren zuzendariak: adibidez, beste une batzuetan ezagutu nahiko ez zituzten pertsonekin adiskidetzea.

Izpien trazadura —edo ray tracing-a— azpimarratzen du Asmussenek atal grafikoko berritasun nagusitzat. Hortaz, grafikoak ikusi gabe sekulako itxura daukan obraren aurrean gaudela pentsa dezakegu. Jokagarritasun aldetik ezer gutxi adierazi dute arduradunek; hala ere, aurreko jokoaren abentura, akzioa eta metroidvania elementuen nahasketa aurreikusi daiteke.

Kaleratze plataformei buruz ezer zehaztu gabe geratu dira Respawnekoak: egungo belaunaldirako merkaturatuko dutela suposatzen da, baina ikusteko dago PlayStation 4-era eta Xbox One-era iritsiko ote den. Argitaratze dataren inguruan, 2023rako prest egongo dela aurreratu dute, sasoirik edo hilabeterik aipatu gabe.