Cal Kestis-en bigarren abentura apirilaren 28an hasiko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan.

Star Wars Jedi: Survivor hilabete eskasean argitaratuko da. Promozio kanpaina abiada betean jartzeari ekin diote Electronic Arts-eko arduradunek: horretarako, istorioaren trailerra zabaldu dute beren plataformetatik. Narratibari buruz ezer gutxi esaten digun arren, jokagarritasuna zein pertsonaiak ezagutzeko aukera aparta dugu.

Egia esan, Fallen Order sarituaren jarraipenak berritasun gutxi ekarriko dituela dirudi. Ez da beharrezkoa, Izarretako Gerraren bideojokozaleek azken urteotan jaso duten titulurik borobilenetakoa baita aurrekoa. Ezpata laser bidezko duelu biziak —bideoan ikus daitekeenez ezpata bakarra, bikoitza zein bi ezpatak erabiliko ditugu berriz—, plataformak eta esplorazioa izango dira nagusi berriz.

Bideoan jokoaren berritasunetako bat ageri da: binakako mugimenduak. Gure heroiak lagunekin batera arerioak akatzeko mugimendu bereziak egin ditzake. Era batean, Batman: Arkham Knight bikainean ikusitako antzeko erasoak gogorarazten dituzte.

Survivorren istorioa bost urte beranduago hasiko da. Cal Kestis protagonista helduagoa ikusiko ditugu beste aurpegi ezagunekin batera, baina baita pertsonaia berriak ere. Antzekoa gertatuko da bisitatuko ditugun planetekin: bideoan Coruscant hiri erraldoia azaltzen da, Tatooine erako planetarekin batera —nola ez, basamorturik gabe ez litzateke Star Wars izango—.

Azkar batean nabariko dugu Jedi: Survivor hau egungo belaunaldiko esklusiboa dela: atal grafiko aparta ageri da Respawn Entertainment estudioak erakutsitako irudietan.

Esan bezala, gutxi geratzen da bideojokoan aritu ahal izateko: datorren apirilaren 28an estreinatuko da Star Wars Jedi: Survivor. Ordenagailuetan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatzeko aukera edukiko dugu.