Aspyr Media-ko arduradunek proiektu osoa birplanteatu behar dutela filtratu du agerkariak. Saber Interactive estudioa maiatzean gehitu zen garapenera.

Star Wars: Knights of the Old Republic maitatuaren remake-ak arazo larriak dituela dirudi. Bloomberg aldizkariak jakitera eman duenez, proiektua etenaldian dago, kaleratzea zehaztu gabeko datara berandututa.

Agerkariaren iturrien arabera, Aspyr Media estudioko bi goi kargu kaleratu dira: Brad Prince diseinatzailea eta Jason Minor arte zuzendaria. Hori horrela, lantaldea postu horiek betetzeko kide berrien bila ari da une honetan, jokoaren garapena erabat etenda.

Bideojokoa aurten argitaratzeko aurreikusita zegoela aipatzen du Bloombergek: nahiz eta joan den irailean iragarri, hiru urtez ibili dira garatzen. Ekainean Lucasfilm eta Sony enpresei egindako lehen aurkezpenean —titulua PlayStation-eko esklusiboa da kontsoletan— jasotako balorazio negatiboen ondorioz kanporatu zituzten aipatutako garatzaileak.

Iritzi horiengatik, hain zuzen ere, eten dute garapen prozesua. Garapena une desegokien aurkitzen zela aldarrikatuta, bileran parte hartu zuen kideetako batek aurkezpeneko bertsioa prestatzeko erabilitako aurrekontua eta denbora “gehiegizkoak” izan zirela adierazi zuela aipatzen da. Are gehiago, 2022 bukaeran kaleratzea aurreikusita zegoen jokoa 2025erako prest edukitzeko asmoa agertu zen.

Saber Interactive proiektura gehitu dela ere nabarmentzekoa da, bukatzeko. Maiatzean gertatu zen, beraz orain arte egindako ekarpenak urriak izango dira; hala ere, Aspyrrekoek sortu nahi duten bideojoko erraldoia garatzen laguntzeko ezinbesteko laguntza eskaintzea da euren asmoa. Azken gertakariekin, baina, egoera guztiz aldatuko dela diote Bloombergeko iturriek: dirudienez, proiektua Saberren esku geratzeko aukera dago.

Laburbiltzeko, Star Wars: Knights of the Old Republic Remake ikusteko zein jokatzeko asko falta zaigu oraindik. Bideojokoa PCrako eta PS5erako iragarrita dago, baina aipatutako aldaketekin ikusteko dago proiektuak zer moduz bukatuko duen.