Klon gerretako heroiak gidatuko ditugu XCOM estiloko partidetan. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko du Electronic Arts-ek.

Star Wars Zero Company abuztuaren 27an argitaratuko dela jakinarazi dute Bit Reactor eta Respawn Entertainment estudioek.

Iaz aurkeztu zen estrategia taktikoa oinarritzat hartuko duen titulua: XCOM bideojokoen klona izango da klon gerretan girotutako abentura. Are gehiago, Bit Reactor aldez aurretik Firaxis estudioan lan egindako beteranoek osatzen dute.

Hawks izango gara: Zero konpainiaren arduradun nagusia. Gure esku egongo da devaroniar, neimoidiar, ovissiar, togruta, twi’lek, weequay zein zabrak arrazetako klon soldaduz, mandaloriarrez, droideez edo jedi zaldunez eratutako taldea osatzea, besteak beste.

Lauki sarezko gudu zelaietan, parapeto nahiz eraikin artean, kokatuko eta mugituko ditugu gure pertsonaiak, beren abilezien eta estatistiken arabera garaipena eskuratzeko aukera desberdinak lortuta. Aniztasuna gakoa izango da, baina nahi bezalako taldea prestatzeko aukera edukiko dugu.

Pertsonaiak, basea zein erremintak hobetuko ditugu kanpainan aurrera egin ahala. Helburu nagusia Infinite Coil talde iluneko Kundri Fathom buruzagia geldiaraztea izango da: bidean zinematika landuak ikusiko ditugula dirudi.

Electronic Artsek PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan merkaturatuko du Star Wars Zero Company abuztuaren 27an.