Jedi: Fallen Order-en jarraipena da horietako bat. Akziozko jokoaz gain estrategiara joko dute XCOM sagako beteranoekin batera.

Lucasfilm Games marka sortuta, Electronic Arts Star Wars frankiziatik dexente urrunduko zela zirudien. Beste estudio batzuk dagoeneko George Lucas-ek sortutako frankizian oinarritutako lanak sortzen hasi diren arren, hasiera batetik elkarrekin Izarretako Gerraren jokoak garatzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten bi enpresek. Gaur bertan hiru bideo-joko berri iragarri dituzte: Respawn Entertainment estudioaren esku egongo dira.

Akzioa, tiroak eta estrategia. Horiek izango dira landuko dituzten generoak. Akzioaren aldetik argi dago zer nolako jokoa ikusiko duten zaleek: Star Wars Jedi: Fallen Order arrakastatsuaren jarraipenean lan egiten dabiltza Respawnekoak. Stig Asmussen-en zuzendaritzapean, bi talde berrirekin elkarlanean sortuko dute Cal Kestis padawan-aren abenturen hurrengo atala.

Lehen pertsonako tiro jokoa da iragarritako bigarren obra. Peter Hirschmann-en esku egongo da: xehetasun handirik eman gabe, Hirschmann Star Wars frankiziako jokoen beteranoa da.

Aurkeztutako hirugarren eta azken proiektua da agian ezustekorik handiena. Estrategia jokoa izango da; Respawn da lanaren arduradun nagusia, baina garapenaz Bit Reactor-eko kideak arduratuko dira: orain gutxi sortutako estudio honen langileak Firaxis Games-eko garatzaile ohiak dira. Hau da, XCOM txandakako estrategia frankizia bikainean lan egindako taldeak sortuko du Star Warsen joko berri hau. Greg Foerstch izango da zuzendaria: XCOM Enemy Unknown eta XCOM 2 jokoen arte zuzendaria izan zen.

Hiru proiektuak abian daude jada; halere, garatzaile berrientzako tokia dutela adierazi dute Respawnekoek, eta lan eskaintzak dituztela beren webgunean. Hortaz, garapen prozesua luzerako doala aurreikusi daiteke. Jason Schreier kazetariak zehaztu duenez, Jedi: Fallen Orderren jarraipena aspalditik ari dira garatzen, dena den.

Esan bezala, Star Wars frankizia lehen EAren eskuetan zegoen, baina gaur egun Lucasfilm Gamesek hainbat elkarlan bideratu ditu beste enpresekin. Iragarritako lehen proiektua Ubisoft-ekin batera prestatzen ari diren mundu irekiko abentura da: joan den urte hasieran aurkeztu zuten, eta oraindik ez dute ezer erakutsi. Massive Entertainment estudioa da proiektuaren arduraduna; The Division 2-ko garatzaileak, hain zuzen ere.

Horrez gain, Star Wars Eclipse aurkeztu zuten pasa den abenduan. Quantic Dream-en esku dago akziozko abentura narratiboa; oraindik ez dauka argitaratze datarik ez baieztatutako plataformarik. Azkenik, Star Wars: Knights of the Old Republic maitatuaren remake-a gogoratu beharra dago: Aspyr Media ari da garatzen.