2030ean kaleratuko omen da. Hirugarren pertsonako mundu irekiko abentura izango da.
StarCraft berria aurkeztu du Blizzard Entertainment argitaletxeak BlizzCon 2026 ekimenean. Estrategia generotik aldenduta, tiro jokoa prestatzen dabiltza oraingoan.
Oraindik behin betiko izenik gabe, StarCraft hutsarekin ezagutarazi dute titulua. Iragarpena trailer zinematiko ikusgarriarekin egin badute ere, bideojokoa ikusteko itxaron egin beharko dela dirudi; izan ere, kaleratze data 2030erako ezarri dute, plataformak zehaztu gabe utzita.
Blizzarden arabera, mundu irekiko tiro joko narratiboaren aurrean gaude: hirugarren pertsonako ikuspegiarekin jokatuko dugu. Istorioari dagokionez, Terran gizakiak protagonista izango direla dirudi, bideoan, behintzat, Dominion gaiztoen fakzioa nagusituta. Zerg odoltsuen aurkako lehia ageri da bertan, Blizzarden ohiturekin jarraituta, publiko guztientzat aproposa ez den guda erakutsita.
Dan Hay arduratu da proiektua aurkezteaz nahiz gidatzeaz. Far Cry sagan lan egindako beteranoaren zain egon dira zale asko, aspalditik Jason Schreier kazetariak StarCraft jokoa garatzen zebilela iragarri baitzuen. Desagertutako StarCraft: Ghost bezalakoengandik urrunduko dela badirudi ere, sagaren zutabeetatik aldentzeko prest agertu da bideojokoa.
2030ean estreinatuko da, aurreikuspenak betetzen badituzte, StarCraft tiro jokoa.
Lander Unzueta
Iruzkinak