Eric Barone garatzaileak bere nekazaritza obra arrakastatsua hobetzen jarraitzen du. Eguneraketak ez dauka argitaratze datarik.

Stardew Valleyn 1.6 eguneratzearen xehetasunak aurreratu ditu Eric “Concerned Ape” Barone sortzaileak. Aspaldi moden euskarria gehitzera bideratutako adabakia izango zela esan bazuen ere, dozenaka berritasun aurkeztu ditu: jaialdi berriak, orain arte ikusi gabeko objektuak nahiz errezetak eta zortzi jokalarik elkarrekin jokatzea ahalbidetuko duen multijokalaria agindu ditu, besteak beste.

Sare sozialen bidez eman du guztien berri. Pelican Town herrixkan eta bere inguruetan jaialdi nagusi berria biziko dugu, baita beste bi jaialdi txikiago ere. Horiez gain, baserri mota desberdinean lan egiteko aukera izango dute jokalariek.

Hauek aipatuta argi dago item edo objektu eta errezeta berriak ere ikusiko ditugula. Ez hori bakarrik: joko bukaerarako abileziak prestatzen dabil indie sortzailea, abilezien zuhaitzak areagotuz eta handituz. Antzekoa gertatzen da istorioaren amaieran azaltzen diren misioekin; izan ere, hauentzako bukaera alternatiboak gehituko ditu 1.6 bertsioan. Horri lotuta, 100 bat hizketaldi desberdin entzungo ditugu.

Udalerria biziberritzeko elementutxoak ageriko dira. Alde batetik, bizilagunek erropa eta jantzi desberdinak erabiliko dituzte neguan; bestetik, iragarki panelen bidez abiatutako misioetan ordainsari mota berria ikusiko dugu.

Eguneratzearen izar nagusia aipatutako hobetutako multijokalaria izango da, zalantzarik gabe. Momentuz PCko bertsiorako soilik aipatzen du Baronek; esan bezala, Stardew Valleyko abentura guztiak beste zazpi adiskiderekin batera bizi ahalko ditzakegu. Gaur egun kooperatiboan jokatzeko aukera dago, baina muga lau jokalaritan jarrita du jokoak.

Bukatzeko, oreka aldaketak nahiz zuzenketak zein era guztietako sekretuak "eta gehiago" agintzen ditu garatzaileak. Opari benetan ederra Stardew Valley arrakastatsuan murgilduta jarraitzen dutenentzat; tamalez, 1.6 eguneratzearen zain geratu beharko gara, oraindik argitaratze data zehaztu gabe utzi baitu Baronek.

Stardew Valley PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan eta Android nahiz iOS gailu mugikorretan joka daiteke.