Eric Barone sortzaileak hurrengo jokoaren garapenean murgilduta jarraitzen du. Nekazaritza simulagailuak 15 milioi ale saldu ditu mundu osoan dagoeneko.

Stardew Valley Cup ekimena burutu da asteon. Joko ezaguneko jokalariek ahalik eta erronka gehien bete behar izan dituzte epe mugatu batekin, nekazaritza simulagailua kirol elektroniko batean bilakatzea lortuta. Bertan izan zen Eric “ConcernedApe” Barone jokoaren sortzaile eta garatzailea, eta zaleen galderak erantzuteko tartea hartu zuen, zalantza garrantzitsu bat argituta: ez dauka DLC berririk garatzeko asmorik.

Ezkontzeko pertsonaia gehiago gaineratuko bazituen izan zen jokalariek egindako galdera zehatza. Iragarri gabeko bi pertsonaia ezkongaiak izatea gustatuko litzaiokela aitortu arren, hori lortzeko lan karga “handia” hartu beharko zuela dio garatzaileak. “Ez diot Stardew Valleyk beste eguneraketa bat edukiko duenik. Nik ere ez dakit, egia esan”.

Izan ere, testu berriak prestatu behar izateaz gain ekintza eta jarduera bereziak ere sortu beharko ziren beste maitasun harremanek daukaten mailarara parekatzeko.

Nekazaritza jokoaren azken eguneraketa joan den abenduan argitaratu zuen PC-rako, eta aurten jaso dute kontsoletako bertsioek; garatzailearen hitzetan “orain arteko eguneraketarik handiena” izan zen 1.5 adabakia, tokiko multijokalaria, aukera berriak eta era guztietako hobekuntzak gehituta.

Stardew Valley PC, PS4, Xbox One, Switch, Android eta iOS plataformetarako kaleratu du ConcernedApek. Arduradunak jokoaren prentsa oharrean adierazi duenez, plataforma guztien artean 15 milioi ale saltzea lortu du 2016. urtean merkaturatu zuenetik.

Eduki gehigarrietan lan egiten ibili beharrean, prestatzen ari den joko berriaren garapen prozesuan buru-belarri ari dela azaldu zuen Baronek. Orain hiru urte iragarri zuen bideo-joko berria, baina oraindik ez du honen inguruko xehetasun askorik eman: Stardew Valleyren munduan kokatuko dela soilik adierazita, nekazaritza alboratu egingo du hurrengo jokoak.