Bethesda-k euren joko nagusiak datorren urteko seihilekora geroratzeko erabakia hartu du. Ekainaren 12an aurkezpen handia egingo dute Xbox-ekin batera.

Atzerapenen garaian jarraitzen dugula dirudi. Bethesdak jakitera eman duenez, mundu irekiko Starfield erraldoia eta Redfall abentura kooperatiboa 2023ra geroratu ditu.

Ez dute askorik zehaztu erabakiaren inguruan; nola ez, bi tituluen kalitatea bermatzeko hartu dutela aldarrikatzen dute, ahalik eta bertsiorik onena helarazteko helburuarekin.

Redfallek ez zeukan argitaratze datarik zehaztuta: Arkane Austin garatzen dabilen bideojokoa akziozko abentura kooperatiboa izango da. Joan den urteko E3 azokan ikusi genuen lehen aldiz trailer zinematiko batekin; ordutik hona ez dugu gehiagorik jakin bere inguruan, beraz albistea ez da ustekabean iritsi.

Ez da gauza bera gertatu, ordea, Starfieldekin. The Elder Scrolls eta Fallout frankizia ospetsuen arduradunek azaroaren 11rako finkatu zuten kaleratze eguna. Azken hilabeteotan hainbat bideo eta trailer argitaratu dituzte, baina lehen jostagarritasun bideoa ekainaren 12an egingo duten Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpenean erakustea espero zen.

Data berriak zehaztu gabe utzi dituzte, noski: 2023ko lehen seihilekoan argitaratzea aurreikusten dutela ezagutarazi dute.