Datozen hilabeteetan PlayStation kontsoletan estreinatuko diren bideojokoetan ardaztu dira, ezustekorik eman gabe.

PlayStationek ordu erdiko State of Play emanaldia eskaini zuen atzo YouTube eta Twitch kateetatik. Hirugarrenen eta indie garatzaileen bideojokoei zuzendutako aurkezpena izan zen: Capcom, Ubisoft, Square-Enix, HoyoVerse edo Bandai Namco gehiago gonbidatu zituzten. Horrela, Final Fantasy-ren berregitearen zein Ghostrunner ikusgarriaren bigarren atalak, Avatar filmeen bideojokoa eta beste hainbat titulu interesgarriren bideoak ikusi genituen.

Ez zen ustekabe handirik egon. Hardware aldetik erakutsitako gauza bakarra PlayStation 5 kontsolak apaintzeko xafla berriak izan ziren —horri hardware deitu ahal zaio?—. Hori alboratuta, dagoeneko aurkeztutako bideojokoetan ardaztu ziren, bidean PlayStation Studios taldekoen hurrengo lanetako batzuk erakutsiz.

 

Final Fantasy VII: Rebirth

JRPG maitatuaren berregitearen jarraipenaz gozatzeko aukera eduki genuen State of Playan. Cloud protagonistak eta bere taldeak bisitatuko dituen gune berriak azaldu ziren Square-Enixekoek prestatutako trailerrean: Gold Saucer —bere minijoko guztiekin!—, Junon edo Costa del Sol mitikoak guztiz berreginda ezagutu ditugu.

Onena, baina, protagonista klasikoen itzulera da. Cait Sith edo Vincent bezalako pertsonaia maitatuak ageri dira. Bestela, lehen atalean egindakoekin jarraituko dute SEkoek: akziozko RPGa izango da FFVII oraingoan, txandakako borrokak alboratuta.

Bukatzeko, argitaratze data ezagutarazi dute azkenik: otsailaren 29an merkaturatuko dute, oraingoz PS5ean soilik: bi diskotan iritsiko da.

 

Marvel’s Spider-Man 2

Spider-Man 2k bi heroi araknido kontrolatzeko aukera eskainiko digu: Peter Parker nahiz Miles Morales, bien artean edozein unetan alda dezakegu abenturan zehar. Manhattan irlan hasita, Queens eta Brooklyn auzoetara ere bidaiatuko dugu oraingoan.

Spider-Manen abilezia berrietan ardaztu dira Insommniac Games taldekoak: planeatzeko aukera da esanguratsuena, hiria zeharkatzea bizkortuz. Askotan geldituko gara, baina, denetariko egoerak eta ekimen bereziak ikusiko baititugu sakabanatuta.

Gutxi falta da jokatzeko: urriaren 20an kaleratuko dute PlayStation Studiosen hurrengo lana. PS5eko esklusiboa izango da, momentuz behintzat.

 

Avatar: Frontiers of Pandora

Avatar unibertsoko —ez da azken aire maisuarena, ez— lehen bideojoko handiaren istorioan sakondu dute oraingoan Ubisoftekoek. Frontiers of Pandoran gizakiek hazitako Na’vi izakiaren rola beteko dugu: bere herriaren ohiturak ikasi ahala Pandora esploratzeari ekingo diogu.

Frantsesen ohiko mundu irekiko jokoen formula jarraituko duela dirudi; egia esan, atal tekniko ikusgarriarekin eta askorentzat ezaguna den mundu ederrarekin, joko borobila egin dezakete.

Hau ere laster probatuko dugu: abenduaren 7an estreinatuko da egungo kontsoletan eta PCan.

 

Helldivers 2

Tiro joko kooperatiboa ikuspegi isometrikotik hirugarren pertsonako ikuspegira igaroko da bigarren atalean, baina oinarri guztiak mantenduko ditu. Helldivers 2n taldeka misioak betetzen ariko gara, eta horixe bera da Arrowhead Games Studios-ekoek erakutsi nahi izan dutena bideoarekin.

Taldekideekin elkarlanean ibiltzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko… edo guztiak izorratu, eta misioa pikutara bidal ezazu! Otsailaren 8tik aurrera abiatuko da galaxia konkistatzeko misioa.

 

Resident Evil 4

Capcomekoen azken remake sarituak eduki gehiago jasoko ditu laster. Nola ez, Ada Wong protagonistatzat duen Separate Ways modalitatea bueltan da: espioiak Leon S. Kennedy agenteari laguntzeko (edo ez?) bizitakoak jarraituko ditugu. Irailaren 21ean kaleratuko dute.

Horrekin batera The Mercenaries joko motarako doako eguneraketa iragarri dute: Ada eta Albert Wesker RE klasikoetako maltzurrik maltzurrena gehituko dituzte herritarrak masakratzeko.

Amaitzeko, RE4 VR berriz erakusteko aprobetxatu dute japoniarrek. PS VR2 gailuekin gozatuko dugu errealitate birtualeko joko motaz: oinarrizko abentura osoa gaindi dezakegu horrela.

 

Ghostrunner 2

One More Level taldeko sortzaileek euren akziozko speedrunning bideojokoa eraman zuten Sonynerena. Ghostrunner 2k lehen atalean egindakoak errepikatuko ditu: lehen pertsonako tiro eta plataforma jokoa izango da.

Urriaren 26an kaleratuko dute egungo plataforma guztietan; aurretik, baina, demoan joka dezakegu, gaur bertan estreinatu baita.

 

Honkai: Star Rail

Genshin Impact arrakastatsuaren arduradunen azken titulua PS5era dator mugikorretatik eta PCtik igaro ondoren. Honkai: Star Rail gacha mekanikak dituen JRPG abentura da.

Grafiko ikusgarriekin —nondik datorren kontuan hartuta—, urriaren 11tik aurrera jokatu ahalko da Sonykoen kontsolan.

 

Tales of Arise: Beyond the Dawn

Orain bi urte estreinatutako Tales of Arise ahaztuta geratu bada ere, balorazio bikainak jaso zituen bere egunean. Zorionez, Bandai Namco-koek ez dute ahaztu, eta espantsio erraldoia prestatzen dabiltza: Beyond the Dawn.

Ez dute xehetasun handirik eman, baina gune berriak eta pertsonaiak ezagutu ditugu bideoan. Azaroaren 9rako prest egongo da, eta PlayStation, Xbox nahiz PC plataformetan jokatu ahalko dugu.

 

State of Play osoa ikusteko

Gauean erakutsitako bideojokorik interesgarrienak errepasatzeari bukatu dugu, baina beste hainbat erakutsi dituztela esan beharra dago. Adibidez, Foamstars, Roblox edo Baby Steps agertu ziren PlayStationekoen aurkezpenean.

State of Play emanaldia osorik ikusi nahi baduzue, hemen aurkituko duzue: