Dynasty Warriors: Origins eta Where Winds Meet ikusgarriak iragarri ziren. God of War Ragnarok PCra iritsiko da, gainera.
Ekainean sartzeko egun bat falta da, baina ofizialki udako aurkezpenen garaiari hasi diogula esan dezakegu. Lehen parte hartzaile handia PlayStation izan da: Astro Bot, Monster Hunter Wilds eta Concord ikaragarriak erakutsi dituzte, beste 11 jokorekin, State of Play zuzenekoan.
PlayStation marka urte luzez hornitu dituzten jokalari bakarrarentzako tituluekin batera multijokalari lanak sendotzen hasi dira, horrela, japoniarrak. Ez hori bakarrik: PS VR2 errealitate birtualeko gailurako joko pare bat ere ikusi genituen.
Argi dago ez dela askok espero genuen PlayStation Showcase handia izan; halere, azkenaldiko State of Playrik interesgarria ikusi dugu goizaldean. Errepasa ditzagun iragarpen nagusiak.
Astro Bot
Filtrazioek Astro robotaren abentura berria agintzen zuten, eta esandakoa bete dute: plataforma joko ikusgarri bezain dibertigarria garatzen dabiltza Team Asobi japoniarreko sortzaileak.
Iragarpen bideoak ezustekoz eta mekanikaz gainezka egiten du: saltoak, kolpeak, ontziak eta gainerako PlayStation jokoetako protagonistei egindako keinuak dira nagusi —Nathan Drake, Kratos edo Wander eta Ico ageri dira, adibidez—
Ez dugu askorik itxaron beharko jokatzeko, gainera: irailaren 6an kaleratuko dute PlayStation 5ean.
Monster Hunter Wilds
Ehiztariak zain zeuden, eta Capcom-ek ez die hutsik egin. Abenduan aurkeztutako Monster Hunter Wilds itxurosoa berriz ikusteko aukera eduki dugu, mekanika eta munstro berrietan gehiago sakonduz. Doshaguma eta Chatacabra munstroak ezagutu ditugu, baita laguntza eskainiko digun Seikret ere.
Mundu bizia, klima aldaketak, misio berean armaz aldatzeko aukera eta grafiko ikusgarriak agintzen ditu MH sagako hurrengo atalak. 2025era arte itxaron beharko dugu eskuetan edukitzeko, zoritxarrez: PS5ean zein Xbox Series eta PC plataformetan ikusiko dugu.
Concord
Iazko PlayStation Showcasean Sony-koek iragarritako Concord ikusi genuen berriz, lehen aldiz jokagarritasuna erakutsita. Atzean daukan taldea ezagutzera emateaz gain —Firewalk Studios—, 5vs5 partidak proposatuko dituen tiro joko koloretsua dela azaldu ziguten.
Marvel etxearen Guardians of the Galaxy taldearen estetika eta giroa bereganatzen ditu: espazioko mertzenario taldea kontrolatuko dugu misio desberdinak hartzeko. Pertsonaia desberdinak kontrolatuko ditugu —hamasei aipatzen dituzte kaleratzen dutenerako—, bakoitza bere abileziekin; berezitasun modura, hauen testuingurua ezagutzeko bideoak kaleratzen joango dira.
Abuztuaren 23an jasoko dute PS5eko zein PCko jokalariek.
Dynasty Warriors: Origins
Omega Force eta Koei Tecmo Dynasty Warriors berrian lan egiten ari dira; modu horretara, denetariko frankizia ezagunetan oinarritutako musou jokoak egin ostean jatorrizko frankiziara itzuli dira sei urtez alboratuta eduki ondoren.
Bideoa ikusi bezain laster emandako jauzi grafikoaz ohartuko gara: atal tekniko ikaragarria aurkezten du DW: Originsek, eta ehundaka soldaduz osatutako armadekin. Frankiziako hamargarren joko nagusia 2025ean estreinatuko da PS5, Xbox Series eta PC gailuetan.
Silent Hill 2 Remake
Konami eta Bloober Team taldeek beste behin erakutsi digute Silent Hill 2 maitatuaren berregitea. Trailer eskasa ikusi genuen, ez dugu gezurrik esango, baina State of Play osteko Silent Hill Transmission aurkezpenean hamahiru minutuko jokagarritasun bideoa eskaini zuten, itxura nahiko hobearekin.
Argitaratze data jaso du, gainera: urriaren 8an argitaratuko dute PS5ean nahiz PCan.
Where Winds Meet
Everstone estudio txinatarraren ARPG abentura ikusgarria azaldu zaigu berriz. Sekiro bikainaren pausoak jarraituko dituen lanean ezpatak, kontraerasoak eta buruzagi hilgarriak dira nagusi, atal estetiko ikusgarriarekin batera.
Beta proba jokatzeko aukera egon zen duela aste batzuk, eta horren bideoak ere argitaratu dituzte jokatu zutenek. PlayStation 5erako soilik garatzen dabiltzala aipatzen dute NetEase argitaletxetik… baina beta PCan ere izan zen, nahiz eta webgune ofizialean ez den ezer aipatzen. Auskalo.
Ballad of Antara
State of Playko ustekabe handietako bat Ballad of Antararen eskutik iritsi zen. Beste behin, Txinatik datorren titulua dugu, oraingoan TipWorks taldetik. Fantasiazko mundu zoragarria, kontrolatzeko pertsonaia desberdinak eta borroka ikusgarriak agintzen ditu bideoak.
2025erako prest edukitzea aurreikusten dute. PlayStation 5 da baieztatutako plataforma bakarra, baina gehiagotan kaleratuko dela diote, ezer gehiago zehaztu gabe.
Marvel Rivals
Apirilean ezagutu genuen Marvel Rivals, NetEase eta Marvel prestatzen dabiltzan Overwatch klona. PCrako iragarri zuten, baina PS5erako bertsioa egongo dela jakin dugu orain.
Heroien hirugarren pertsonako tiro jokoa dugu; nola ez, Spider-Man, Iron Man, Venom, Black Phanter, Scarlet Witch eta gainerako protagonistek abilezia nahiz berezitasun propioak edukiko dituzte, baita taldeko erasoak egiteko aukera ere.
Beta itxia iragarri dute, gainera, PS5erako: uztailean abiatuko da.
God of War Ragnarok
Zurrumurruak entzuten genbiltzan, eta azkenean baieztatu dute: Kratos jainkoaren azken abentura PCra dator. Ragnarok era guztietako hobekuntza teknikoekin estreinatuko da ordenagailuetan: desblokeatutako irudien tasa, gaineskalatze teknika desberdinak, pantaila ultrazabalentzako euskarria…
Eduki guztiekin iritsiko da, horrez gain, Valhalla izeneko roguelike modalitatea barne. Irailaren 19an elkartuko dira berriz Kratos eta Atreus PCko jokalariekin.
Until Dawn
Supermassive Games estudioak 2015ean argitaratutako beldurrezko abentura birmasterizatuta dator, Ballistic Moon taldearen eskutik, PS5era eta PCra.
QTE ekintza mordoa, slasher generoan horrenbeste aldiz ikusitako jazoerak eta erabaki mordoa proposatuko dizkigu berriro. Udazken honetan argitaratuko dute, baina ez dute eguna zehaztu oraingoz.
Behemoth
Errealitate birtualeko jokoentzako txokoa ere egon zen, esan bezala, State of Playan. The Walking Dead: Saints & Sinners garatu zuen Skydance taldeak fantasiara joko du oraingoan: Skyrim-en mundua gogorarazten duen jokoa dugu Behemoth.
Ezpatak, arkuak, gantxoak… eta akatzeko dozenaka munstro eta soldadu agertuko zaizkigu. Okerrena? Batzuk erraldoiak direla. Ez dauka argitaratze datarik, baina, argi dagoenez, PS VR2 gailuarekin jokatu ahalko dugu bakarrik.
Alien: Rogue Incursion
Bigarren VR jokoa Alien unibertsoan girotutakoa da. Beldurra hutsean aurkeztu beharrean, akzioa ere maneiatuko du: Ripley-k erabilitako armak eta tresnak hartuko ditugu eskuetan xenomorfoei aurre egiteko.
PS VR2an argitaratzeaz gain, Meta Quest 3 zein Steam VR plataformetan ere ikusiko dugu urtea bukatu aurretik.
Path of Exile 2
Diablo estiloko ARPG joko desiratuaren irudi berriak ikusi genituen, zur eta lur utzi gaituen atal grafikoa berriz erakutsita. Kontsoletan agintearekin izango ditugun kontrolak agerian jartzeko bideoa ere argitaratu zuten ostean Grinding Gear Games-koek.
Sarbide goiztiarraren iragarpena izan zen, ordea, garrantzitsuena. 2024 bukaeran helduko da kontsoletara zein PCra.
Iruzkinak