Erreminta barrak eta oharrak idazteko aukerak inplementatu dituzte Valve-koek, errendimendua hobetzeaz gain.

Valvek Steam plataforma indartzeko eta hobetzeko lanean jarraitzen du. Gabe Newell-en enpresak jakinarazi duenez, Steamen beta bertsioarekin mahaigainerako interfazea eguneratu dute, aldi berean ezaugarri berriak gaineratuz.

Beta bertsioa aktibatuta, aldaketak nabarmenak dira hasiera batetik. Oinarrizko diseinua eta estetika mantendu badituzte ere, menu eraberrituak ikusiko ditugu probarako adabakian. Hori bai: saltokia, liburutegia eta beste hainbat atal berdin daude, horiek orain gutxi zaharberritu baitzituzten.

Modu horretara, egindako aldaketak kodea plataforma desberdinen artean nola partekatzen duten txukuntzera bideratutakoak izan dira: “Lanaren gehiengoa Steamen mahaigaineko bezeroaren, Big Picture moduaren eta Steam Deck-aren artean kodea nola banatzen dugunari lotutakoa izan da”, diote argitaratutako artikuluan.

Zorionez, baina, erabiltzaileek hainbat berritasun azpimarragarri aurkituko dituzte. Lehenik eta behin, bizkortasuna aipatu behar da: menu batetik bestera igarotzeko denbora gutxiago beharko dugu orain, karga denbora murriztuekin.

Bigarrenik, jokoetako estaldura ( Steam In-game Overlay) eraberritu dute. Diseinu berria garbiagoa izateaz gain, erreminta bakarrik gehitu dituzte: txatak, lorpenak, gidak eta beste hainbat laguntza zein ezaugarri aurkituko ditugu bertan banatatuta.

Ez hori bakarrik, oharrentzako txokoa ere inplementatu dute: joko bakoitzean bizitakoak jarraitzen laguntzeko tresna dugu. Benetan erabilgarria, adibidez, Elden Ring-en egin beharrekoak zerrendatzeko. Aipatutako guztiak joko gainean finkatzeko aukera daukagu orain, gainera: oharrak edo txata, besteak beste, jokatzen gabiltzala ikus ditzakegu, nahi izanez gero.

Hirugarrenik, jakinarazpenen atala hobetzeari ere ekin diote Valvekoek. Aipatzen dutenez, berritasunak ezagutzea eta oharrak jasotzea txukunagoa da orain, “benetan behar duten jakinarazpenak soilik nabarmenduz”.

Bukatzeko, pantaila irudien kudeatzailea zeharo berritu dute: itxura berriaz gain, aukera desberdinak gehitu dituzte gure jokoetako irudiak kudeatzerakoan nahiz partekatzerakoan.

Esan bezala, berrikuntza hauek guztiak Steameko beta bertsioan aurki ditzakegu oraingoz; hau bezeroaren doikuntzetan aktiba dezakegu. Dena den, datozen asteotan aipatutakoak bezeroaren bertsio arruntean ikusiko ditugula aurreikustekoa da.