99 eurotan erosi ahalko da Steam plataforman: bere ekosisteman soilik funtzionatuko du, ezingo baita hirugarrenen gailuekin erabili.
Valve taldeak Steam Controller agintearen kaleratze data iragarri du. Maiatzaren 4an argitaratuko da Steam hardware sorta berriaren lehen gailua.
Prezioa ere baieztatu da: 99 eurotan merkaturatuko da. Steam plataforman erosi ahalko dugu, zelan ez: agintea ez da beste saltoki fisikoetan edo digitaletan aurkituko.
Zeresanik ez, premium gailua dela argi geratzen da. Belaunaldi berriko palanka magnetikoak, kalitate handiko bibrazioa, Grip Sense deitu duten euste bidezko giroskopioa, trackpad-ak, atzealdeko botoi gehigarriak eta are funtzio gehiago nabarmentzen dituzte arduradunek. Steam Controller Puck transmisorearekin konektatuko dugu gailu desberdinetara —baita mandoa kargatu ere—, konexio egonkorra eskainita; bestela, kable zein bluetooth konexioak ditu. Steam Input funtzionalitatearekin konfigurazioak nahi bezala aldatzeko zein partekatzeko aukera egongo da.
Lehen analisiak kaleratu dira, bide batez, eta probatu dutenak pozik agertu dira. Konexioari dagokionez, ordea, 250hz-ko galdeketa tasa (polling rate) eskaintzen du: joko lehiakorretarako geldoegia, askoren ustez.
Funtzionamenduarekin jarraituz, Steam Controllerrak askorentzat nabarmena izango den muga dauka: Steam ekosistemarekin soilik funtzionatuko du. Ez ditu Xinput eta bestelako funtzioak erabiltzen, alegia, Steam Controller originalak egin bezala. Valvetik diotenez, Steam erabiltzen duen edozein PC, mugikor edo tablet gailura konekta daiteke mandoa; halere, bigarren planoan Steam martxan eduki beharko du.
Maiatzaren 4tik aurrera erosi ahalko da Steam Controllerra.
Helmugara iristen den lehena
Steam Controllerrak merkaturatze data jaso du, baina Valven asmoak beste batzuk ziren. Steam Machine eta Steam Frame gailuekin batera iritsi behar zen agintea. Steve Cardinali Valven hardware ingeniariak argi utzi du Polygon agerkariari egindako adierazpenetan: “Steam Controllerrak ez dauka RAMik”.
Halere, “produktu desberdinak” direla adierazi du Cardinalik, guztiak aldi berean merkaturatzeko inolako presiorik gabe ibili direla aldarrikatuta. Mandoari dagokionez, “ez zegoen gainerakoetan lanean gabiltzala gordeta edukitzeko arrazoirik”.
Mahaigaineko ordenagailua nahiz errealitate birtualeko kaskoak “hurbil” daudela diote arduradunek, eta “laster” informazio gehiago eskainiko digutela, baina, aldi berean, RAM memoriaren zein biltegiratzearen krisiak gogor eragin die fabrikatzaileei.
Ikusiko dugu, baina, ez bada ezer aldatu, aurten ikusiko ditugu Machineak nahiz Frameak.
Lander Unzueta
Iruzkinak