“Materialen eskasia eta atzerapenak” dira erabakiaren argudioak. Erreserben itxarote zerrenda osoa mugitu du geroratzeak.

Valve prestatzen ari den gailua ez da aurten merkaturatuko. Steam plataformako arduradunek erreserba egin duten erosleei mezu elektroniko bidez baieztatu die Steam Deck eskuko PC-a 2022ko otsailean bidaltzen hasiko direla azkenik. Lehen gailuak abenduan banatzen hastea espero zen arren, hainbat arazoren ondorioz hartu dute geroratzeko erabakia.

Atzerapena ofizialki mundu guztiari iragartzeko sortu duten web orrialdean “hornikuntza globaleko katean izandako arazoak” nabarmentzen dituzte Valvekoek: “hauek kontuan hartzeko ahal dugun guztia egin dugun arren (arriskuak aintzat hartzeko denbora gehigarria kalkulatuta eta osagaien hornitzaileekin lan eginda), gure fabrikazio planetan eragin dute, halere”, adierazi dute.

Modu horretara, esparru desberdinetako enpresek eta fabrikatzaileek azken hilabeteetan bizi dituzten arazo berberak ditu Valvek. Bideo-jokoen mundutik irten gabe, Sony eta Microsoft nekez dabiltza PlayStation 5-aren eta Xbox Series-en eskaria betetzeko.

Materialen eskasiaren eta atzerapenen ondorioz beharrezko osagarriak ez dira gure lantegietara garaiz iritsi”, diote Valvekoek. “Falta diren atalek, erronka logistikoekin batera, Steam Deckaren berandutzea eragin dute, beraz argitalpen data bi hilabetez geroratu behar dugu, otsailera arte. Erreserben datak egutegi berrian hobetzeko lanean jarraituko dugu, eta informatuta edukiko zaituztegu”.

Hori horrela, itxarote zerrenda bi hilabete mugitu bada ere erreserben ordena errespetatu nahi dute Deckaren sortzaileek: gailua abenduan espero zutenek otsailera arte itxaron beharko dute printzipioz, eta horrela atzean zituzten guztiek. Steamen baitan Deckak duen orrialdean ikus daiteke data eguneratua.

Steam Decka uztailean iragarri zuten, eta egun gutxi batzutara abiarazi zituzten erreserbak. Eskuko PCa izango da: ordenagailu baten funtzio berberak bete ahalko ditu, baina PC eramangarri eta Switch kontsola baten arteko tankera hartuta. Linux-en oinarritutako Steam OS sistema eragilearen bidez funtzionatuko du, baina arduradunek edozein sistema instalatzeko aukera nabarmendu dute behin eta berriz. Azken finean, bideo-jokoez gain edozein software instalatu ahalko da gailuan, baita monitoreetara konektatu PC arrunta izateko.

Garatzaile eta enpresen arduradun nagusiek azken asteetan jaso dituzte gailuaren garapen kitak. Horiek bideo-joko propien errendimendua erakusteari ekin diote sarean, eta horretarako sortu dute Steameko jabeek Deckaren Twitter erabiltzailea. Bideoetan ikus daitekeenez, arazo handirik gabe mugitu ditzake joko zahar zein berriak.

Hori bai, Linux bidez funtzionatzen duenez Windows-eko jokoen liburutegi zabalera jokatzeko modua prestatu behar izan dute gailuaren arduradunek. Hori Proton API-a da: honekin Microsoften sistema eragilerako prestatutako jokoak orokorrean arazo handirik gabe joka daitezke Steam OSen. Bateragarritasun sistema argia prestatu dute Valvekoek, Deck Verified izenpean, joko bakoitzak Protonekin izan ahal ditzaken arazoak zehazteko.

Horrez gain, bihar garatzaileei zuzendutako hitzaldiak egingo dituzte Deckaren inguruan. Biltzar birtualean hardwarea aurkeztu, garapenaren gakoak azaldu, Protoni buruzko xehetasunak eskaini eta AMD-rekin egindako elkarlanari buruz hitz egingo dute.