Kontsola eramangarriek betidanik erakarri naute. Etxeko egongelan mahaigaineko jokoetara aritzea zaila izaten zen txikitan: familia etxean zegoenean telebista azkar batean okupatuta geratzen zen, beraz Game Boy-a edo Nintendo DS-a beti izan ditut jokatzeko bidelagun lehialak. Are gehiago, toki gehiagotan eta erosoago aritzeko aukera eskaini didate: zenbat ordu emango nituen ohean botata Pokémon-era, Fire Emblem-era eta Mario Kart-era.
Urteak pasata ordenagailuak gero eta gehiago erabiltzen joan naiz: etxean txikitatik izan dugun beste gailuetako bat da, eta bideojokoetarako baliagarria izanik beti ibili izan naiz nahaspilatan sartzen. Azkenean, nire plataforma nagusian bilakatu da. Alde batetik, inolako mugarik gabe jokatu ahal izateak betidanik erakarri nau: mod-ak, PC batetik bestera aldatzeko aukera, komunitatea, emulatzaileak… lan pixkat hartuta edozer egiteko aukera hori sekulakoa dela deritzot; bestetik, lan egiteko ordenagailua erabiltzeko beharrak guztia toki batean edukitzera eraman nau.
Uztailean Valve-k Steam Deck eskuko PC-a aurkeztu zuenean sinestezina izan zen niretzat. Aipatutako guztia batzea lortzen duen tresna: edozein tokitan jokatu, baina aldi berean mugarik gabe ibili ahal izatea. Zenbat urte neramatzan formatu horretako gailu baten zain? Aspaldiko ametsa da: dagoeneko erosita ditudan bideojoko horietara jokatu ahal izateko beste formatu bat edukitzea, aldi berean PCaren onura eta abantaila guztiak alboratu gabe.
Egia da urteak daramatzagula Deckaren antzeko tresnak ikusten: GPD Win, Aya Neo, One XPlayer eta bestelako gailuek Valven PCak proposatzen duenaren ia gauza bera eskaintzen dute. Aspaldi SmachZ hurbiletik jarraitzen nuen, adibidez: espainiar batzuek sortutako gailu hau iruzur hutsa izan zen, eta hainbat finantzazio kanpainen ostean ez zuten argitaratu. Valve bezalako enpresa handi bat AMD-rekin elkartzeak gailu hauek beste dimentsio batera eramateko balio izan du, ordea.
Valvekoek Steam Deckarekin izan duten helburu nagusia argi dago: PC baten moldakortasuna kontsola eramangarri batera eramatea. Izan ere, ikuspegi guztietatik ordenagailu bat dela behin eta berriz esan behar dugun arren, zaila egiten da: kontsola baten tankera, itxura —Nintendo Switch-aren klon bat izanik, ia-ia— eta erabilerraztasuna biltzea bilatu dute gailuaren arduradunek, eta hori pizten den momentutik ikusten da.
Erraldoia, baina erosoa
Hardwarearekin hasita, kaxatik atera bezain laster tresna erraldoiarekin topo egingo dugu. Bai, Decka benetan handia da. 7 hazbeteko ukipen pantailarekin eta dakartzan botoi zein aginte guztiekin ez da batere harritzekoa: bi stick, aurreko lau botoi arruntak, Dpad-a, bi trackpad, start, select, Steam eta aukeren botoiak, kolpekariak eta atzeko lau botoi dauzka kontsola eramangarriak.
Botoien aldetik daukadan pertzepzioa nahiko nahasia da: gehienek ukitze sentsazio aproposa dute eta erosoak dira; zoritxarrez, Steam edo aukeren botoia sakatzerakoan bigunak direla nabari da, eta askotan ez dut jakiten ea gogorrago zanpatu behar ditudan. L1 eta R1 botoiek kokapen deserosoa dutela iruditzen zait: oso goian geratzen dira, eta Decka eskuetan hartzerakoan horietara iristea zaila dela uste dut. Gainerakoak erosoak dira, ordea: trackpadak sagu bezala erabiltzea, atzeko lau botoi bereziak aparteko ekintzak egiteko konfiguratzea eta stick handiak edukitzea eskertzekoa da.
Modu horretara, PCko edozein jokotan aritzea ahalbidetu nahi izan dute: ez dago arazorik ohiko aginteen kontrol eskemarekin aritzeko, baina aldi berean saguarekin jokatzeko trackpadak ordezko aproposa dira; ezaugarri haptikoekin une bakoitzera moldatzen dira gainera, gogortasuna eta bibrazioa aldatuta.
Tamaina nahiz botoi kopurua ikusita errespetua ematen duen erreminta da Valvena. Dena dela, heltzerakoan uste baino arinagoa egin zaidala aitortu beharra daukat: 670 gramoko pisuarekin, Switcharen 420 gramoak ez dira ezer Deckaren ondoan, baina hala ere eskuetan eroso hartzeko gailua sortzea lortu dute.
Hori bere ergonomiari esker gertatzen da. Atzekaldean daukan formari esker Decka oratzea benetan erosoa da; Switcharekin alderatzen jarraituta, Nintendoren kontsola hibridoak forma laua dauka, eta, beraz, luzerako deserosoa suerta daiteke eskuetan. Pentsa baino pisu gutxiago duen arren, saio luzeetan Decka besoetan nabaritzen dela aitortu behar dut, halabeharrez: hanken edo belaunen kontra jarrita jokatzera ohitu naiz azkenean, eta ez dut uste bakarra izango naizenik.
Edonola ere, nahiz eta bere tamainagatik gailu eramangarria dela esan daitekeen, etxe barrutik zehar eramatekoa baino ez da. Hau da, ohean edo sofan erabiltzeko ezin hobea den bitartean, ez da metroan, autobusean edo parkean jokatzen aritzeko pentsatutako tresna. Valvekoek Deckarekin gehitu duten zorroa benetan erabilgarria da, baina alde batetik bestera eramateko desegokia da, bai tamainagatik, bai bateriagatik: geroxeago hitz egingo dugu honi buruz.
Sekulako piztia esku artean
Kanpokaldeko hardwarea aipatu dugu, baina garrantzi berbera edo are handiagoa dauka barrualdean daramanak. AMD-rekin bat egin du Valvek prozesadorea zein txartel grafikoa sortzerako orduan: Zen 2 bat dauka CPU aldetik, eta RDNA 2 teknologia erabiltzen du GPU-ak. Zer lortu dute honekin? PCko ia edozein bideojoko mugi dezakeen eskuko gailua. Deckaren indarrak zur eta lur utzi nau. Elden Ring, Red Dead Redemption 2 edo Deathloop bezalako titulu berriak eta zorrotzak mugitzeko gai da. Egia da ez duela belaunaldi berriko PCek edo kontsolek bezala egingo, baina esku artean dugun gailuaren dimentsioak eta mugak kontuan hartuta ikaragarria da errendimendu aldetik lortutakoa.
Atzekaldean daukan formari esker Decka oratzea benetan erosoa da.
Aipatutako zazpi hazbeteko pantailak 800p-ko bereizmena dauka; hortaz, ez dugu Full HD-n jokatuko. Baina ez da behar, “tamaina txikiko” monitorearekin kalitate hori nahikoa da-eta. Bozgorailuekin egindako lana aipatzekoa da baita: normalean alboratu egiten den ezaugarria da niretzat, kaskoekin jokatzera ohituta bainago gustorago aritzeko. Baina bozgorailuen kalitatea eta indarra sekulakoa da: soinuak zein musika ozen, indartsu eta garbi entzuten dira.
Ezinbestekoa da haizagailuek eragindako zaratagatik eroso jokatzeko. Gailua ez berotzeko aireztapen sistema uneoro ariko da martxan: Steameko menuan entzun egingo dugu, baina behin jokoetara sartzerakoan izugarrizko zarata egiten dutela nabarmendu beharra dago. Tamalgarria da, baina nahiko deserosoa suertatzen da —artikuluko bideoetan argi eta ozen entzungo dituzue martxan—. Irakurri dudanez, Deckaren modelo batzuek haizagailu zaratatsuagoa daukate, beraz printzipioz horietarikoa da etxean daukadana. Valvekoek egiten duten zarata software bidez murrizteko asmoa dutela azaldu dute: ikusteko dago zer lortzen duten eta nola eragiten dion gailuari, asko berotzen baita.
Horri lotuta, tenperatura altuetara jarriko den arren, ez dugu ia nabarituko; izan ere, bero guztia Deckaren erdialdean biltzen da. Bertan daude kokatuta haizagailuak. Gune hori gure eskuetatik urrun geratuko da: alboetatik helduko dugu, eta ertzak ez direnez ezer berotzen, eroso ibiliko gara.
SteamOS eraberritua
Behin Decka piztu eta lehenengo pausoak beteta —Steameko erabiltzailea sartu, eguneraketak, doikuntzak…— ageri den menua egungo edozein kontsoletan aurki dezakegunaren oso antzekoa da. Steam Big Picture-n diseinu berria dute Valvekoek Deckarentzat: aginteekin erabiltzeko prestatuta dagoen interfaze honek plataformako aukera guztiak eskaintzen jarraitzen du, baina kontrolen egitura sinpletuta. Menuetatik ukipen pantaila erabilita ere mugi gaitezke; are gehiago, sagua konektatzen badugu hau erabiltzea ere posible da —beste behin, Linux darabilen PC bat izanik edozer konektatu ahal zaio—.
Gailua pizterakoan ikusiko dugun lehen atala azken jokoena da: izenak dioen bezala, bertan jokatu ditugun azken tituluak agertzen dira. Steamek egun erabiltzen duen irutegiarekin ikusten da gure jokoen katalogoa; hau da, irudi horizontalak zein bertikalak erabiltzen ditu. Itxurosoa da, baina titulu batzuetan —zaharretan gehienbat, baina zenbait obra modernoetan ere bai— garatzaileek ez dute iruditegia berritu. Hortaz, askotan azalak falta direla nabariko dugu. Zorionez, irudiak guk geuk gehitzeko aukera dugu.
Bideojokoetara sartzerakoan jokatzeko botoia nahiz informazio orokorra ikusiko ditugu: ezaugarriak eta joko motak, jokatutako orduak, lorpenak, kromoak, lagunek bertan egindako aurrerapenak, etab. Ez hori bakarrik, aginteak nahi bezala moldatzeko botoia ere badaukagu: doikuntza azkarrak egiteko aukera izango dugu, baina baita kontrol guztiak sakontasunean aldatzekoa ere. Bukatzeko, ezarpenak ditugu. Jokoa kudeatzeko era guztietako aukerak ageri dira bertan: hizkuntzak, abiarazteko aukerak, desinstalatzekoa…
Lehenengo pantailara itzulita, behera eginez gero gure jokoetako azken albisteak eta eguneraketak, liburutegiko gomendioak eta lagunen azken ekintzak ikus ditzakegu.
Deckean Steam botoi fisikoa zein birtuala sakatuta —pantailaren behekaldean azaltzen da—, alboko menua azalduko zaigu. Bertan ikusiko dugun bigarren aukera libuturegia izango da. Atal desberdinetan osatutako iragazkiak daude. Lehena eta esanguratsuena, Great on Deck deitutakoa da: bertan Deck Verified egiaztapena duten gure liburutegiko tituluak soilik azalduko zaizkigu; alegia, inolako arazorik gabe funtzionatzen duten bideojokoak. Hau ikur berde batekin egiazta dezakegu; jokatzeko daudenek baina arazoren edo mugaren bat dutenek ikur horia daukate, euskarririk gabekoek gorria, eta oraindik Valvek probatu gabekoek galdera ikurra.
Iragazki desberdinekin gainerako jokoak bilatzeari ekin diezaiokegu: joko guztien, instalatutakoen, bildumen eta Steam kanpoko tituluen artea bila dezakegu. Horien baitan gure iragazki propioak ezarri ahal ditugu: Deck Verifiedeko emaitza desberdinak, generoak, jokalari kopurua, remote play, etiketak… zertara jokatu ez dakigunean gozatzekoa da bilaketa sistema landu honetan galtzea. Valvekoek urte luzez liburutegia antolatzeko eta txukuntzeko egin duten lanaren emaitza da, eta ikusgarria da zein ondo funtzionatzen duen ikustea.
Saltokia da beste atal nagusietako bat. Hemen ere Deckean ondo funtzionatzen dutela egiaztatutako bideojokoak soilik agertzea da lehen aukera; dena den, ohiko kategoriak, desiratutakoen zerrenda eta gehiago ikustea posible da. Jokoen fitxetan sartuta ohiko informazio guztia aurkituko dugu. Tabletentzat pentsatutako itxura eraberritua dauka —jatorrizko saltokian faltan botatzen den zerbait— eta bizkor zein akatsik gabe nabigatu daiteke bertatik.
Lagunak eta txata da alboko menuko hurrengo ezaugarria. Ez dugu ezustekorik aurkituko bertan: itxura nahiko sinplea prestatu dute —esango nuke Big Picturen aurreko bertsiotik ez duela aldaketa handirik jasan—. Teklatu birtuala erabiltzea benetan erosoa da, batez ere azken eguneraketarekin trackpadetan gehitutako aldaketengatik. Hala ere, daisy wheel deitutako teklatua faltan botatzen da: lore itxurako teklatu hau da niretzat, zalantzarik gabe, aginte arruntetik idazteko modurik erosoena. Hala ere, Deckak mikrofonoak ere baditu, beraz ahozko txatetan aritzea posible da bestelako hardwarerik konektatu gabe.
Media zein deskargen ataletan aurreikusten dugunak aurkituko ditugu, besterik gabe. Hurrengoa da, baina, Deckarentzat benetan interesgarria: aukerak. Valvek gailuarekin nahasten ibiltzeko doikuntza mordoa prestatu ditu: bai ala bai ikusiko ditugun hizkuntzak eta ordutik hasita, pantailarako aukera desberdinak, bluetootha, aginteentzako kontrolak, deskargentzako lehentasunak, remote play erabiltzeko ezarpenak eta askoz gehiago ikusiko ditugu. Ez dut ezer faltan bota momentuz, beraz ezaugarriak aldatzen ibiltzeko ohitura dutenek gozatu egingo dute Deckarekin.
Agerikoa denez, interfazeak elementu mordoa ditu. Hala eta guztiz ere, bertatik nabigatzea erosoa eta bizkorra izatea lortu dute Valvekoek. Akats txiki batzuk eta erabilgarritasunari dagozkion hobekuntzak ikusi nahiko nituzke. Batzuetan, atal desberdinetan aurkitzen diren antzeko ezaugarri batzuek modu desberdinean funtzionatzen dute, eta nahasgarria suerta daiteke; besteetan, aginteko botoiak ezin dira erabili, eta guzia ukipen pantaila bidez egin beharra dago. Dena den, arduradunak astero dabiltza kontu hauek zuzentzen dituzten eguneraketa berriak kaleratzen, beraz ditudan kexak konpontzen ari direla ikusten da, eta eskertzekoa da.
Zertara joka dezakegu Deckean?
Has gaitezen esparru garrantzitsuenarekin: bideojokoak. Nola jokatzen da Steam Deckean? Arestian aipatu dudan modura, PCko ia edozein titulutara jokatzea posible da gailu txiki honetan; hori hala da, behintzat, egiaztatutako tituluetan. SteamOS Linux-en distribuzio bat da; hortaz, berez ezin ditzake Windows-eko bideojokoak mugitu. Oztopo erraldoi hori saihesteko daramatza hainbat urte lanean Valvek: Proton deitutako programarekin —Linuxzaleek ondo ezagutuko duzuen WINE-n oinarritutako programa da, jokoetara bideratutakoa, ordea— Microsoft-en sistema eragilerako prestatutako tituluetara joka daiteke Linux bidez. Milaka bideojoko mugi ditzake Deckak horri esker; halere, etengabe hobetzen ari den programa da Proton, oraindik ahulguneak eta akatsak baititu.
Arazorik gabe funtzionatzen duten bideojokoak ezagutzeko zerrenda berezia eratu dute: lehen aipatutako Deck Verified sistema, hain zuzen ere. Bertan, esan bezala, lau kategoria ditugu: Egiaztatutakoak, Jokatzekoak, Euskarririk gabekoak eta Ezezagunak.
Elden Ringekin berotuta nabilenez, hau izan da Deckean gehien jokatu dudana, egiaztatutako jokoa dela aprobetxatuta. Agian ez da hautu aproposena izan —tentsio gehiegi oraindik kontu handiz hartzen dudan aparatu baterako—, baina arazorik gabe goza daitekeela azpimarratu dezaket.
Memoria aldetik 64 GB-eko eMMC disko gogordun Steam Decka erosi dut. SteamOS sistema eragileak betetzen duenarekin ezinezkoa da Elden Ringen 50 GB-ak sartzea; horrenbestez, 256 GB-eko Samsung EVO Plus microSD txartela erabili dut jokatzeko. Erabilpena oso erraza da: txartela sartu, formateatu eta erabiltzeko prest dago. Karga denbora benetan bizkorrak nabaritu ditut edozein jokotan: Elden Ringen, esate baterako, PC handiko HDD disko gogorrean baino azkarrago ibili da.
Errendimendu aldetik ondo funtzionatzen duen arren, hainbat sakrifizio egitea ezinbestekoa da Deckean. Lehenik eta behin, 800p-ra jokatzeko beharra dugu. Ez da arazo handia, nahiko eroso jokatzen baita… baina bere arazotxoekin. Izan ere, nahiz eta FromSoftware-n azken obra Valven eskuko gailuan jokatzeko egiaztatuta egon, batzuetan testuak txikiegiak direla hauteman dut. Interfazeko hainbat elementutako letra irakurtzea kosta egin zait, eta printzipioz Deck Verified etiketa hori lortzeko baldintzetako bat irakurgarritasuna bermatzea da.
Segundoko irudien tasa da hurrengo sakrifizioa. Hainbat eta hainbat bideojokotan 60fps-tara jokatzea posible izango da gailu honekin, baina Elden Ring ez da horietako bat —atal grafiko ikusgarriarengatik baino, optimizazio eskasarengatik da, baina tira—, eta fps-ak dantzan ikusiko ditugu horrela jokatu nahi izanez gero. Egia da shader-en cache-aren aurrekargari esker geldotzeak ekiditen direla, baina 45 eta 60 fps-en artean ibiliko gara, askotan beherago.
Hori horrela, aproposena Steam Deckak software aldetik dakarren segundoko irudien tasaren mugatzailea izango da —kasu honetan, aukera bakarra, Elden Ringek ez baitu halakorik bere doikuntzetan—. Hau erabilita edozein joko 15, 30 eta 60 fps-tara muga dezakegu. Errendimendua egonkortzeaz gain, bateriak gehiago irauteko baliagarria da.
Muga edo baldintza horiek alboratuta, sekulako gozamena da halako joko berri eta ikusgarri batera horren gailu txikian jokatzea. Modu apartean mugitzen da: nahiz eta PC azkar batean edo kontsoletan jokatzera ohituta ez dugu ezer faltan botako Deckean ibiltzerakoan. Antzekoa gertatzen da Doom Eternal bikainarekin: id Software-koen tiro jokoa itzel dabil, eta giroskopioa bezalako ezaugarriekin benetan erosoa egin daiteke, saguarekin jokatzen duten horientzat agintea erabiltzeko aitzakia bilakatzeraino. Hollow Knight izan da sakontasunean probatutako beste tituluetako bat: Team Cherry-ren maisulana bi dimentsioko metroidvania izanik, saiakuntzak testuinguru guztiz desberdinean egin ditut. Borroka zailenetan eroso jokatzen aritu naiz; nola ez, jokoa kosta gabe mugi dezake Deckak.
Hori da, azken finean, Valvekoek lortu nahi zutena: eskuko PC batean modu erosoan jokatzea. Egiaztatutako jokoekin lortu dutela esan dezaket, zorionez; Steameko 50.000 tituluak egiaztatzekoa lan nekeza denez, oraindik gutxi batzuek baino ez dute ikur berdea jaso: 1.000 pasata egiaztatu dituzte dagoeneko, 2.000 baino gehiago jokatzeko daudenekin batera. Dena den, horrek ez du esan nahi euskarririk gabeko tituluek gaizki funtzionatu behar dutenik. Adibidez, Resident Evil 2-ren remake ikusgarrira arazorik gabe jokatu dut, Valvekoek kalifikaziorik eman ez dioten arren. Antzeran ibili naiz euskaraz argitaratutako Super Woden GP-ra eta Pile Up! Box by Box-era.
Norbere esku dago beraz jokatzeko desiratzen dagoen bideojoko hori probatzea. Jokatzeko izendatutako kategorian dauden obra askok ez digute arazo handirik emango, baina akatsen bat edo beste izan dezakete: Skyrim-en, adibidez, SteamOS-en teklatu birtuala erabili beharko dugu menuetan idazteko, jokoaren PCko bertsioak ez baitauka agintearekin idazteko aukerarik. Halako kasu bitxi askorekin topo egingo dugu: gailurako prestatu gabeko jokoak funtzionarazteko era guztietako trikimailuak erabiltzen ibili beharko gara. Esate baterako, testu tamaina txikia duten jokoentzako Steam + L1 botoiak sakatuta irudia handituta ikusiko dugu, stickarekin mugitzeko aukerarekin; jokoren batek itxi nahi izaterakoan akatsak ematen badizkigu, Steam + B sakatuta ixtera derrigortuko dugu. Antzeko tresna mordoa gehitu dituzte Valvekoek software bidez arazo txikiei zein handiei aurre egiteko asmoarekin.
PCko ia edozein titulutara jokatzea posible da gailu txiki honetan.
Software aldetik Valvekoek lortu dutena ikaragarria bada ere, oraindik fintzeko eta konpontzeko asko daukate. Interfazearekin gertatu modura, han eta hemen akats txiki baina gogaikarriak aurkitu izan ditut: batzuetan Deckak ez dauka bideojokoren bat hasteko gogorik izaten, edo irtetzerakoan ez du behar bezala ixten. Askotan ez dago argi jokoaren kontua den edo gailuaren arazoa den. Shaderren aurrekargarekin ere zenbait eragozpen izan ditut: gailua pizterakoan instalatutako joko guztienak berriz deskargatzen ditu, printzipioz ez dagoenean horren beharrik —Protonen eguneraketa bakoitzarekin bai berriztu behar du cachea—; nire gailuaren arazoa dela dirudi, sarean honen inguruan gauza gutxi aurkitu baititut.
Zuzendu beharreko gauza mordoa dauzka oraindik, beraz: ikusteko dago Valvek hau egiteko asmoa duen, baina momentuz hala dela dirudi. Artikulu hau idazterakoan asteroko eguneraketa handia jaso dut, esaterako: bertan era guztietako akatsak konpondu dituzte, baita ezaugarri berriak inplementatu ere. Hainbat izan dira azken asteotan argitaratutako adabaki handiak, beraz behintzat badakigu lanean dabiltzala.
Steamena bai, baina askatasuna ardatz
Bideojokoekin jarraituz, eta zer nolako gailuari buruz hitz egiten gabiltzala argi izanda, Deckean ez dugula mugarik izango jakin badakigu. Zer esan nahi dut honekin? SteamOS-en plataforma nagusia Steam da, noski, baina gailua PC bat izanik nahi dugun edozer instalatzeko aukera dugu. Windows bera eskuko gailuan instalatzea posible da —honentzako driver batzuk kaleratu ditu Valvek orain gutxi—, baita dual boot bidez bi sistema eragile izatea ere. GOG, Epic Games Store eta Xbox saltokiak erabiltzea posible da modu horretara: Xbox Game Pass-eko harpidetza aprobetxatu nahi baduzu, Windows instala dezakezu. Hodei bidez joka daitekeela ere aipatu beharra dago: Microsoftekoek nabigatzaile bidez Linuxetik aritzeko aukera eskaintzen dute Xbox Cloud-ekin.
Baina noski, askok buruan daukazuena beste kontu bat da: emulatzaileena. Bai, Deckean emulatzaileak erabiltzeko aukera dago… eta benetan erraza da. Mahaigaineko modura igarota —SteamOS-ek daukan ezaugarrietako bat PC arrunt gisa erabili ahal izatea da— Linuxen dagoen edozein emulatzaile jaitsi eta instala daiteke —Windowsekoak baita, Protoni esker—. Prozesua zein erraza den ikusteko, SteamOSek berez instalatuta dakarren Discover saltokian aurkituko ditugu Mupen64Plus, mGBA, Yuzu, PCSX2 eta beste hainbat. Horiek lortuta, ohiko pausoak jarraitu beharko ditugu dena prest edukitzeko —ez zenuen esperoko ba ROM-ak ekarriko zituztenik—.
NES-etik Switch-eraino, emulatzaile aproposik badago ia edozein kontsola edo sistema emula dezakezu Deckean. Super Mario Bros, Metroid Prime, F-Zero GX, Mario Kart 8 Deluxe eta beste hainbat probatu ditut nirean, inolako arazorik gabe. Emulatzaile asko oraindik eguneratzen eta hobetzen ari direla kontuan hartuta, ikaragarria da Yuzu bezalako programekin joko mordoa mugitu ahal izatea. Zalantzarik gabe, emulazioaren munduko zaleentzako aparatu aproposa izango da Valvena; egia da antzekoa lor dezaketen gailu merkeagoak daudela, baina horietan ezingo dituzu kontsola modernoak emulatu: asko jota, Wii-an geldituko zara. Zaleen komunitateak eratutako programei esker —Steam Rom Manager eta EmuDeck gomendatzen ditut— emulatutako tituluak Steameko liburutegira modu erosoan eta txukunean gehitu ahal dira, beraien irudi, logo eta guzti.
Bateria, oztopo handienetakoa
Aipatutakoekin behin-betiko eskuko gailu eramangarriaren aurrean gaudela dirudi: Steameko liburutegiari beste plataformetako jokoak gehitzen badizkiogu milaka titulu ditugu gailuan jokatzeko. Gogora dezagun, dena den, esperientzia pixkat zapuztea lortzen duten oztopoak, mugak eta baldintzak daudela. Arestian euskarririk gabeko bideojokoak, haizagailuen zarata eta SteamOS-ek dituen era guztietako akatsak nabarmendu ditut. Horiei guztiei bateriarena gehitu behar zaie.
Deckaren errendimendua eta indarra ikusita, argi neukan modu eramangarrian jokatzerakoan ezingo nituela orduak eta orduak eman kargatzen jarri gabe. Valvekoek beren zehaztapenetan 2 eta 8 ordu arteko jokoa aipatzen dute, erabilitako tituluaren arabera. Erabilera arruntarekin iraupen hori bermatzea ia ezinezkoa da: pantaila piztuta eta SteamOS erabiltzen gaudela bateriak 5-6 ordu inguru iraungo digu. Jokoekin, nola ez, erabilera asko mugatzen da: joko xumeenekin 5 bat orduz aritu ahalko gara; zorrotzenekin, ordea, 2 ordutara iristen bagara pozik egotekoa izango da.
Deckean emulatzaileak erabiltzeko aukera dago… eta benetan erraza da.
Bateriaren bizitza luzatzeko bideak daude, hori bai: aurretik aipatutako fps-en mugatzailearekin minutu luzeak irabaziko ditugu; distira jaistea beharrezkoa izango da partidaren iraupena luzatzeko, ohi bezala; Deckaren errendimendua bera mugatzeko bideak ere baditugu: TDP-a nahiz GPU-aren erlojua mugatzeak baterian nabarmen eragingo du. Beste behin, erabiltzaileari nahi duena egiteko aukera eskaintzen dio gailuak: indar betean jokatzeko aukera dugu, baina, beste lehentasun batzuk izanez gero, hauek bermatzeko bidea alboko menu batean modu errazean edukiko dugu.
Hala ere, bateria arazo handia izan daiteke. Pena da gailu eramangarri bat ia beti kargatzen ibili behar izatea; hala ere, egia da Elden Ringen jokatzen ibilita behin eta berriz entxufera konektatzen aritu naizela, eta behin joko xumeagoetara ibilita partida luzeagoez gozatuko dudala. Aipatutakoez gain, kargatzeko denbora dezente behar du Deckak: 3 ordu inguru eduki beharko dugu korrontera konektatuta. Errendimendu aldetik gailu sinpleagoa izatea, eta baterian pixkat gehiago inbertitzea aproposagoa izango litzatekeela deritzot; edozein modutan ere, gai hau erabiltzailearen araberakoa da: askok ez dute arazorik izango uneoro konektatuta izateko.
Ezaugarri erabilgarri zein interesgarriak
Bateria aurrezteko zein edozein momentutan partida eteteko Valvekoek prestatu duten ezaugarria nahitaez aipatu beharra dago. Pizteko botoia sakatuta, Steam Decka etenaldian sartuko da: Switch zein Xbox Series kontsolen berriz haste azkarraren antzeko tresna da hortaz. Etetea nahiz berrabiaraztea benetan azkarrak dira: jokoa utzi dugun puntuan hartuko dugu berriz, segundu pare batean partidarekin jarraitzeko aukera eskainita. Ez da perfektua, zoritxarrez: jokoaren arabera arazoak izan ditzake ezaugarri honek, batez ere emulatzaileei buruz ari bagara; are gehiago, ezin daitezke bideojokoak jaitsi gailua eteten badugu. Benetan eskertzeko aukera da, dena den, eta ziurrenik eguneraketekin hobetzen joango dira.
Bukatzeko, monitoreetara zein telebistetara konektatzeko aukera aipatu behar dugu. USB-C bidez Decka edozein pantailetan jarri eta horrela joka dezakegu: kasu hauetan bereizmena pantailaren araberakoa izango da; nola ez, 1080p-ra jokatzea ezinezkoa izango da titulu ikusgarrienetan. Are gehiago, Linux sistema eragilea duenez lan egiteko aproposa ere izan daiteke: trackpadekin mahaigaineko moduan ibiltzea erosoa da, baina saguarekin eta teklatuarekin edozer egiteko aukera edukiko dugu. Laster merkaturatuko dute Deckaren Dock-a —ez da izen aproposena, ez— gailua modu errazean monitoreetara, sarera edo korrontera konektatzeko; halere, USB-C sarreradun hub-ak erabilita gauza bera egin daiteke dagoeneko. Hori horrela, Deckarekin erabiltzeko tresna sorta zabala ikusiko dugu, beste enpresek nahiz zaleek sorkuntzak egiteko aukera dute-eta.
Ordenagailuen eta bideojokoen mundua irauliz
Hortaz, zer pentsatzen dut Steam Deckari buruz? Hardware aldetik Valvekoek prestatu duten gailua ikaragarria da, espero nuena baino askoz hobea. Edozein bideojoko mugitzeko gai da baldintza aproposetan. Esan bezala, gaur egungo zein antzinako tituluetara gailu eramangarri bakar batean ibili ahal izatea benetan erakargarria da. Hori guztia kalitatezko tresna batean egiten du: botoi batzuk hobetzea posible den arren, nahi dugun erara eroso jokatzea ahalbidetzen du Deckak. Egia da bateriak zein haizagailuak hobe daitezkeela, baina esku artean daukazunean liluratu baino ez zara egingo.
Software aldetik datoz arazo gehienak. Valvekoek zuten eta oraindik gainditzeko daukaten erronka erraldoia da: Linux oinarritzat erabilita PCko bideojoko guztietara aritzeko helburua betetzea lan nekeza izango da. Hobetzeko asko dago oraindik, eta hasi bezain laster nabariko dugu: menuak ederrak eta bizkorrak diren arren, hainbat akats dituzte; are garrantzitsuago, jokoen bateragarritasuna zoragarria da askotan, baina zenbaitetan akats txikiak zein larriak ikusiko ditugu; gainera, ezaugarri batzuek ez dute behar bezala funtzionatzen.
Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da Deckak sortzen duen zirrara ezkutatzea. Kontsola tankera duen PCa eratzea lortu dute, zalantzarik gabe, horrek dakartzan aldaketa esanguratsu guztiekin. Ordenagailuek zuten mugetako bat gaindituta, Steam Deckak ia-ia ez dauka mugarik. Edonon jokatzeko aukera eskaintzen du, edozein baldintzetan.
Etorkizunera begira lor daitekeena amestea baino ez da geratzen orain: gailuak arrakasta badu, zer gehiago ikusiko dugu Decka oinarritzat hartuta? Enpresa gehiago animatuko ote dira antzekoak sortzera? Mahaigaineko PC txikiak ikusiko ditugu SteamOS-ekin? Zer nolako tresnak eta programak sortuko ditu zaleen komunitateak? PCaren ate guztiak ireki dituzte Valvekoek, orain gelak atontzea falta zaie.
Iruzkinak