Azken egunotan Deck Verified sistemako tituluak eguneratzen jarraitu dute. Eskuko PC-a dagoeneko banatzen ari dira Valve-koak.

Steam Decka heldu da jada, eta lehen erosleek dagoeneko jaso dute Valven gailua. Hala ere, honen softwarea eguneratzen jarraitzen dute arduradunek: eskuko PCan joka daitezkeen bideojokoen zerrendak 1.000 tituluen langa gainditu duela adierazi dute.

Steameko foroetan egin dute iragarpena. Aipatutako jokoak Deck Verified sisteman “Egiaztatutako” eta “Jokatzeko” kategoria eskuratu dutenak dira. Lehenengoan ordenagailuan arazorik gabe mugitzen eta funtzionatzen duten obrak daude: ezer aldatu edo konfiguratu gabe joka daitezkeenak, alegia. Jokatzekoen kategorian doikuntza gutxi batzuekin goza daitezkeen jokoak daude: testuen tamainagatik edo beste hainbat arrazoirengatik ez dutenak kategoria maila onena lortu.

Kategoria horietan egoteko gutxieneko baldintzak “oso zorrotzak” direla aldarrikatzen dute Gabe Newell-en enpresakoek. Adibidez, agintearekin jokatzerakoan hauen ikurrak orokorrean zuzen agertu, baina momentu batean teklatuko ikurrak agertzen badira, jokoak ezingo du egiaztatutako kategoria jaso, jokatzekoarena baino. Joko batek arazorik ez badauka, baina bigarren mailako minijoko bat ez badabil, edo tutorial bateko bideo batek ez badu modu egokian funtzionatzen, “Euskarririk gabe” maila jasoko dute.

Zorroztasun maila hori “momentuz mantendu” egingo dute; izan ere, argiltapenaren inguruan positibo faltsuak —egiaztatuta dago baina akats txiki zein garrantzitsua dauka— ekiditea bilatzen dute arduradunek, askotan kontrako kasua eman eta negatibo faltsuak —euskarririk gabeko titulu batek ondo funtzionatzea orokorrean— agertzen badira ere.

Garatzaileei beren jokoek Deckarekin duten bateragarritasun arazoei buruz berri emateko ezaugarria kaleratu dute. Nahi izanez gero, bideojokoen blog orrialdera bideratzeko aukera izango dute bertan arazoak edo horiek konpontzeko bidea azaltzeko.

Bideojoko horien zerrenda osoa saltokiaren bilatzailean ikus daiteke. Genero, urte eta jatorri guztietako tituluak daude bertan.

“Bateragarritasun zifrei buruz ari hitz egiten dugunean une bakar bateko irudiari buruz gabiltzala azpimarratu nahi dugu”, diote Valvekoek. “Zifra horiek aldatzen doaz. Une honetan, gure kideak aginteentzako euskarria prestatzen, Easy Anti-Cheat sistemaren bateragarritasuna ezartzen eta Deckeko erabiltzaileen esperientzia hobetzen dabiltza”.

Horrekin batera, Valvekoek Proton programa hobetzen jarraitzen dute, joko batzuetako akatsak zuzentzen eta ezaugarri berriak erabiltzea ahalbidetzen duten aldaketak gaineratzen. Erabiltzaileei beren iritziak eta proposamenak bidaltzeko eskakizuna egin diete.

Orain gutxi Steam Deckaren zehaztapenak, bideojokoak eta ezaugarriak errepasatzen dituen erreportaje zabala argitaratu genuen Game Erauntsian.