Pantailara mugatu beharrean, Valve-koek eskuko ordenagailuaren ezaugarri ia guztiak hobetu dituzte.

Valvek Steam Deck OLED aurkeztu du. 2022ko otsailean merkaturatzen hasitako eskuko gailuaren eguneraketa izango da, eta azaroaren 16an estreinatuko dute.

Orain aste batzuk Linux 6.6 kernel-ean ezagutu genuen, oraindik zehazki zer zen jakin gabe. Izenak adierazten duen bezala, Deckaren modelo berriaren izarretako bat pantaila da. Nintendo-tik Switch kontsolarekin hartutako bide berberari ekin diote Gabe Newell-en etxekoek, LCD pantaila alboratuta OLED pantaila erabiltzeko.

Hori horrela, kalitate handiagoko irudiak eskainiko dizkigu, batez ere koloreei dagokienez, baita beltzei ere: kolore gehiago eta areagotutako kontrastea zein distira —1000 nits-etara iritsiko da, originalaren 400ak nabarmen gaindituta— agintzen dituzte.

Hori baino askoz gehiago eskainiko du pantailak, baina. Tamaina aldetik pixkat handiagoa izango da: originalaren 7 hazbeteko pantaila 7,4 hazbeteetara handituko da OLED bertsioan. Gailuaren tamaina mantenduko dute, baina pantailaren ertzak txikitu. Berriztatze tasan ere aldaketak datoz: LCD bertsioaren 60 Hz-ak 90Hz-tara igoko ditu eguneratutako modeloak.

HDR funtzioa eskainiko du, joko koloretsuagoak eta ederragoak bermatzeko errendimenduan inolako eraginik eduki gabe; honi lotuta, Valvekoek SteamOS sistema eragilearen azken eguneraketetan HDR ezaugarria gehitu dutela gogoratu beharra dago.

 

Pantaila baino askoz gehiago

OLED bertsioaren berritasunak ez dira pantaila mugatzen, ezta pentsatu ere. Valvek iaz argitaratutako gailua goitik behera eraberritu du, eta ia esparru guztietarako hobekuntzak azpimarratu dituzte, LCD bertsioari lotutako kexa nagusiak zuzenduz.

Erabiltzaileen ardura nagusietako bat bateria izan da Decka jaso dutenetik; egia esan, titulu xumeetara jokatzerakoan ez da arazorik egoten, baina piztiekin aritzerakoan batera ordu t’erdian agortu daiteke. OLED bertsioak aurre egin dio arazoari hainbat bide desberdin hartuta.

Alde batetik, hobetutako bateria ikusiko dugu. 40Wh-ko bateria alboratu, eta 50Wh-koa erabiliko du orain. Horren ondorioz, 2-8 orduko iraupena 3-12 ordutara areagotzea lortu dute. Iraupen eraberritu hori ez da bateriaren eraginagatik bakarrik, ordea. Beste aldetik, AMDren 6 nm-ko APU berria erabiltzen du OLEDak: errendimendua mantendu egiten da, baina efizientzia energetikoa areagotu.

Valvekoek diotenez, bateriaren iraupena % 30 eta % 50 inguru areagotu da guztira. Handikeriatan dabiltzala dirudi, baina lehen analisiek arrazoia ematen diete.

Errendimendua aipatu dugu, eta modu batean egia da: Deck berria ez da indartsuagoa, CPU eta GPU berberak mantentzen baititu. Hala ere, APU berriari esker jokoen errendimenduan hobekuntza txiki baina esanguratsuak nabariko ditugu: jokoaren arabera segundoko irudien tasa % 5 eta % 10 bitartean areagotu daiteke. Hortaz, 5fps inguru gehiagotan jokatu ahalko dugu hainbat titulutan.

Aldaketekin jarraituz, modelo berria arinagoa da: 30 gramo, zehazki, originalaren pisua % 5 murriztuz. Tenperaturak jaistea ere lortu dute, gainera, haizagailu eta osagai termiko berriei esker.

Wi-Fi 6e eta Bluetooth 5.3 konektibitateak dakartza. Hauei esker deskarga bizkorragoak —”hiru aldiz azkarragoak”— eta mandoak zein bestelako gailuak konektatzeko arazo gutxiago ikusiko ditugu. Are gehiago, Steam Decka aginte bidez pizteko aukera egongo da orain, askok eskertuko duten ezaugarria.

Hobetutako ukimen pantaila, lotan egon ondoren azkarrago pizten da, murriztutako latentzia, kalitate handiagoko bozgorailuak… Konponketak eta aldaketak egitea errazagoa izango dela aipatzen da baita: adibidez, pantaila aldatzeko ez dira gainerako osagaiak kendu beharko.

Esan bezala, Steam Deck OLED bertsioak ia ezaugarri guztiak hobetu ditu. Ez da belaunaldi berriko gailua, baina Valvetik modelo originala zaharberritzeko lan sakona egin dutela ikus dezakegu.

 

Prezioak eta modeloak

Zer gertatzen da prezioekin eta modelo desberdinekin? Decken zerrenda aldatu egin dutela. LCD modeloa mantendu egingo dute, baina 256GBeko bertsioa bakarrik. Bitartean, aurrekoen stock guztia agortu arte beherapenak eskaintzen dabiltza, baina 64GBeko eta 512GBeko LCD modeloak desagertu egingo dira.

OLED modeloei dagokienez, 512GBekoa eta TB1ekoa merkaturatuko dituzte —guztiak SSD disko gogorrarekin, noski—. AEBetan eta Kanadan, gainera, edizio berezia argitaratuko dute: karkasa gardenarekin eta xehetasun gorriekin, itxura ederra daukala esan beharra dago. Goazen prezioekin:

  • Steam Deck OLED
    • 512GB OLED: 569€
    • TB1 OLED: 679€
  • Steam Deck LCD
    • 256GB LCD: 419€
    • 64GB LCD (aleak agortu arte): 369€
    • 512GB LCD (aleak agortu arte): 469€ / 379€ berregokituta

Prezioekin ere portatu egin dira, beraz, Valvekoak: gailua hobetzeaz gain merketu egin dute. Lehengo bertsiorik garestiena, 512GBeko LCD bertsioa, 679 eurotan estreinatu zen; azaroaren 16tik aurrera saltzen hasiko diren 1TBeko OLED bertsioren prezio berean, alegia.

Steam Deck OLED azaroaren 16an merkaturatuko dute.

 

Steam Deck 2, noizko?

Bertsio eraberritua iragarri dute, baina Valvekoak etorkizunari begira daude jadanik. Hainbat hedabidek galdetu die Deckaren benetako oinordekoaren inguruan, eta ez dute erreparorik izan erantzuterakoan.

Erantzuna argia izan da: oraindik ez da existitzen nahi duten gailua eratzeko teknologiarik. Errendimenduan eta indarran benetako aldaketa ikusi arte ez dugu Steam Deck 2rik ikusiko.

Baina noizko aurreikusten dute? Diseinatzaileek diotenez, bi edo hiru urte igaro beharko dira, gutxienez, iragarpena ikusi arte.