Marka guztiak hausten jarraitzen du Valve-koen plataforma digitalak: konfinamendu garaiko zifrak gainditu ditu.

Argi dago bideo-jokoen industrian ordenagailuek gero eta pisu handiagoa daukatela. Hainbat dira PC-aren aldeko apustua egin duten garatzaileak: PlayStation-eko zein Xbox-eko jokoak ikusten dabiltza ordenagailuetako erabiltzaileak, besteak beste, baina gutxi dira egun plataforma hau baztertzen duten garatzaileak. Hori horrela, azken urteotan jokalari kopuru aldetik hazkunde nabarmena jasan du PCak, eta oraingoz ez dauka gelditzeko itxurarik. Azken marka berria Steam saltokiak lortutakoa da: 27 milioi erabiltzaile eduki ditu aldiberean konektatuta.

Udazkeneko merkealdiak balio izan du zifra ikaragarria lortzeko. Une horretan bildu ziren 27 milioiak, orain arteko marka guztiak hautsita: urte hasieran 25 milioi erabiltzaile batzea lortu zuen Valven plataformak; areagotzea esanguratsua da, hortaz.

 

Atzera begira are nabarmenagoa da: orain hamar urte udazkeneko beherapenetan aldibereko 4,8 milioi jokalari zituen Steamek. Aurretik, zifra horretara pandemiari hasiera eman eta nazioartean konfinamendua agintzerakoan soilik eman zen. Steam Database webgunean ikus daitekeenez, 2020ko martxo bukaeran ia 25 milioietara iritsi zen jokalarien zenbatekoa.

Erabiltzaile aktiboen kopuruari begiratuta, 120,4 milioi dira hilean behin Steamera sartzen diren erabiltzaileak. Datu hau 2021 hasierakoa dela nabarmendu beharra dago, beraz zifra honek gora egin duela suposa daiteke.

Jokoei dagokienez, ohiko Counter-Strike: Global Offensive eta Dota 2 dira Steameko erregeak. Atzetik Apex Legends, Team Fortress 2 edota PUBG daude; gehienak doako jokoak dira, baina indar betean jarraitzen dute.

Datu hauek kontuan hartuta, ziur esan daiteke PCko ekosistemak hazten jarraitzen duela; horren barruan onuradunena Steam da, zalantzarik gabe. Epic Games Store 2019an Valven plataformari aurre egiteko prest hasi zen arren, oraindik honen erabiltzaile kopurutik urrun dago.