Valveren plataformako azken beta bertsioan Steam Cloud Gaming deitutako euskarria gehitu dute.

2019ko abenduan Pavel Djundik Steam Databaseko arduradunak Valve Steam Cloud Gaming izeneko zerbitzuan lanean ari zela iragarri zuen. Steamen jabeak horren inguruan mintzatu ez badira ere argi dago zerbitzua garatzen jarraitzen dutela: Steamen azken beta bertsioak Cloud Gamingerako eta denbora baterako frogetarako euskarria gehitu duela azaldu du SteamDBko arduradunak Twitter bidez.

Informazio hori beta bertsioaren kodea arakatuz eskuratu du Djundikek. Zerbitzu berriaren funtzionamendua ez dago argi, baina apirilean Valven bideojoko batzuek Cloud Gaming eta Nvidia izena zuten kategoria aldaketak jaso zituzten.

Ikusteko dago beraz Valve Nvidiaren Geforce Now zerbitzua erabiltzen hasiko den, edo laino bidezko jokorako zerbitzu propioa garatuko duen. Denbora baterako frogetarako euskarriaren aipamenak denbora aldetik mugatutako demoak dakartza gogora.

Dena den, argi dago Valve eta Steam laino bidezko jokoaren esparruan sartzeko prestatzen ari direla. Ez da horretan ari diren lehen aldia: dagoeneko Steam Link eta Remote Play zerbitzuekin PC propien bidez jokoekin streaminga egiteko aukera dute Steameko erabiltzaileek. Cloud Gamingak zerbitzu hori beste maila batera eramango zuen.