Asmoa jokoen eduki desberdinetako lorpenak banatzea da, jokalariei arlo zehatzetako helburuak lortzea ahalbidetuta.

Steam plataformak lorpenen bildumak gehitu ditu beta bezeroan. “Jokoen lorpenak antolatzeko, jarraitzeko eta burutzeko bide berria” dela diote Valve-tik.

Laburbilduta, jokoen eduki edo esparru desberdinak banatzen dituzten bildumak dira. Esate baterako, Portal 2n jokalari bakarrarentzako modalitatearen bilduma zein multijokalariaren bilduma prestatu dituzte. Bildumak ez dira horretara mugatuko: DLCak, eduki gehigarriak eta bestelakoak ere kontuan har ditzakete.

Asmoa lorpen bila dabiltzan jokalariei erraztasunak ematea da: “Egungo jokoek inoiz baino bizitza luzeagoak dituzte, eta eguneratzeak jasotzen dituzte eduki gehigarri, espantsio edo denboraldi formatuan. Eduki berriekin gehitutako lorpenak, baina, aurkitzeko zailak izan daitezke, eta jokoa dagoeneko bukatuta daukaten jokalarien osatze egoera apur dezakete”.

Garatzaileak arduratuko dira lorpen bildumak ezartzeaz; ondoren, Steameko interfazeak argi utziko du bilduma zehatzaren jarraipenaren egoera, baita joko osoarekiko osatze egoera ere. Jokoa hedatu eta gaurkotu ahala, garatzaileek bildumak sortzen jarraitzeko aukera edukiko dute.

Berrikuntzekin batera dator lorpenen eguneratutako interfazea. Aldi berean hiru lagunen estatistikak alderatzeko aukera dakar, informazio sakonagoa eskainita. Steam Familiak bidez lortutako lorpenak ere ageri dira, eta liburutegian nahiz dendan azalduko dira lorpenen bildumak.

Steam bezero egonkorra erabiltzen dutenek pixkat itxaron beharko dute aldaketak ikusteko, baina beta bertsioan dabiltzanek azken eguneraketarekin jasoko dituzte aipatutako berritasun guztiak.