Lau aukera desberdin eskaini dituzte arduradunek, biltegiratzea zein Steam Controller agintea gehituta. Erreserba epea etzi itxiko da.

Valvek Steam Machine ordenagailuaren erreserbak ireki ditu. Prezioa ere baieztatu du: modelo merkeena 1.039 eurotan estreinatuko da.

Izan ere, lau bertsio daude: iragarritako bi modeloei Steam Controller agintea gehitzeko aukera gaineratu dute Gabe Newell-en taldekoek. Hauek dira prezio ofizialak:

  • Steam Machine de 512 GB: 1.039 €
  • Steam Machine 512 GB eta Steam Controller agintea: 1.108 €
  • Steam Machine 2 TB: 1.359 €
  • Steam Machine 2 TB eta Steam Controller agintea: 1.428 €

Erreserbatzeko, Steamen barruan gailuak daukan webgune ofizialera sartu beharko gara. Etzi, ekainaren 25ean, 19:00etan itxiko dute izen ematea. Steam Deck eta Steam Controller gailuen merkaturatzearekin ikasitakoak ezarri dituzte oraingoan: erreserbetan izena ematen dutenei ausazko ordena ezarriko zaie erosketak abiatzerakoan. Hau da, zerrendan sartzen azkena izan arren, zozketaren ondoren, erosteko mezua lehenago jaso dezakezu. Ekainaren 25etik aurrera, orduan bai, erreserbak iritsi ahala kudeatuko dituzte.

Mezua helduz gero, 72 ordu edukiko dituzu erosketarekin bukatzeko; hortaz, lehen baieztapenak eta bidalketak ekainaren 29tik aurrera ikusiko ditugu.

 

Garestia eta urria

Prezioa aurreikusitakoa zein ustekabekoa izan da, eta Valve horren inguruan mintzatu da: “Steam Machine, gure gainerako produktuak bezalaxe, mundu osoko fakrikatzaileengandik ekarri behar ditugun osagai askorekin eginda dago. Gure hardwarearen prezioa osagai horien balioaren emaitza zuzena da”, diote.

Steam Machinea 2023an prestatzen hasi zirenean, kostu hori nola alda litekeen ondo ulertzen zutela uste bazuten ere —urteak igarota merketzea espero zutela esanik—, “azken urte inguruan hori modu bizkorrean eta esanguratsuan aldatu dela” nabarmentzen dute Valvetik, “nagusiki, RAM eta biltegiratze osagaiei dagokienez”. Zergatiak ugariak dira, baina toki guztietako hardware produktuei eragiten ari zaizkiela azpimarratuta, Steam Machinen prezio originalaren helmuga “ez dela bideragarria” adierazi dute arduradunek; are gehiago, egungo Machinearen prezioa “azken sei hilabeteetako osagaien prezioari lotuta” dagoela diote.

IGN agerkaritik aipatzen dutenez, Machinearen prezio igoera Deck-aren salneurri areagotzearen parekoa izan da; beraz, hasiera batean 800 bat eurotan merkaturatzeko asmoa zeukatela ulertzen da.

Prezioan ez ezik, eskuragarritasunean ere eragin duela aldarrikatzen dute, azkenik. Osagaiak eskuratzeko arazoekin ibili omen dira, eta, horren ondorioz, fabrikatutako Steam Machine kopurua ere esperotakoa baino urriagoa ei da.

 

Machinearen osagaiak

Arazoak medio, osagai hauekin eratu dute Machinea:

CPU

  • Neurrira egindako AMD Zen 4 6C / 12T 4.8 GHz, 30W TDP

GPU

  • Neurrira egindako AMD RDNA3 28CU
  • 2.45GHz-ko gehienezko frekuentzia, 110W TDP

RAM

  • 16GB DDR5 + 8GB GDDR6 VRAM

Energia

  • 110-240V barne elikatze iturria

Biltegiratzea

  • Bi Steam Machine modelo
    • 512GB NVMe SSD
    • 2TB NVMe SSD
  • Bi modeloek abiadura handiko microSD txartel sarrera daukate

Konektibitatea

  • Wi-Fi
    • 2×2 Wi-Fi 6E
  • Bluetooth
    • Bluetooth 5.3 dedikatutako antena
  • Steam Controller
    • Integratutako 2.4 GHz Steam Controller haririk gabeko egokigailuarekin

Bideoa

  • DisplayPort 1.4
    • 4K @ 240Hz edo 8K@60Hz bereizmeneraino
    • HDR, FreeSync eta daisy-chaining euskarria
  • HDMI 2.0
    • 4K @ 120Hz bereizmeneraino
    • HDR, FreeSync eta CEC euskarria

USB

  • Bi USB-A 3.2 Gen 1 sarrera aurrealdean
  • Bi USB-A 2.0 High speed sarrera atzealdean
  • USB-C 3.2 Gen 2 sarrera atzealdean

Sarea

  • Gigabit ethernet

LED zerrenda

  • 17 RGB LED sistemaren egoera adierazteko zein nahi bezala pertsonalizatzeko

Tamaina eta pisua

  • Tamaina
    • 152 mm-ko altuera (148 mm hankarik gabe), 162,4 mm-ko sakonera, 156 mm-ko zabalera
  • Pisua
    • 2.6 kg

Softwarea

  • Sistema eragilea
    • SteamOS 3 (Arch-en oinarritutakoa)

Mahaigaina

  • KDE Plasma

Gailua, argi eta garbi, ez da gama gorenekoa. Horixe bera adierazi digute lehen analisiek: Valvek agindutako sei Steam Deck bateratuen boterera justu-justuan iristen omen da, azkenik, PlayStation 5 baten antzeko errendimendua erakutsita, bideojokoaren eta egindako optimizazio lanaren arabera.

Halere, egungo osagaien prezioekin alderatuta —ofizialekin, behintzat—, Steam Machinea ez omen da horren garestia, eta Valvetik, ahal bezala, gailu duina asmatu dutela nabarmentzen dute zenbait iturrik.

Bukatzeko, AMD-koek FSR 4.1 bertsioa RX 7000 txartel grafikoentzat kaleratu berri dute. Ez da kasualitatea: Steam Machinearekin bateragarria egin dute eskalatze teknologia.

Steam Frame errealitate birtualeko kaskoen zain geratzen dira, orain, azken erabiltzaileak. Zurrumurruen arabera, Valvekoek biltegietan dituzte jadanik, eta laster iragartzea espero da. Hauen prezioa misterio hutsa da oraingoz.

Steam Machinearen erreserbak abiatu dira jadanik; dena ondo badoa, ekainaren 29tik aurrera jasoko dituzte lehen erabiltzaileek.