Urriaren 10era arte bideojokoen doako probak izango dira nagusi Valve-koen plataforman: Gunbrella, Manor Lords eta Soulstone Survivors dira izarretako batzuk.

Valven ekimen garrantzitsuenetako bat bueltan da. Steam Next Fest ekitaldiak ehundaka demo dakartza berriz PC-ko plataforma digitalera: 2022ko udazkeneko ekitaldia abiatu dute jada.

Astebeteko epean, garatzaile beteranoek zein hasiberriek datozen asteetan edo hilabeteetan merkaturatuko dituzten bideojokoak izango dira nagusi ekimenean. Hori horrela, Next Festak urriaren 10era arte iraungo du.

Ehundaka proba aipatu ditugu; hori dela eta, ez da erraza titulu interesgarrien jarraipena egitea. Baten batzuk nabarmentzearren, Devolver Digital-ekoen Gunbrella eta Friends VS Friends, Slavic Magic prestatzen ari den Manor Lords estrategia joko itxurosoa, Undecember hack & slash abentura nahiz Soulstone Survivors —Vampire Survivors-en antzeko lana— joka daitezke dagoeneko demo formatuan.

Gainera, demoak arakatzeko erraztasunak ere eskaini dituzte Valvekoek. Generoak eta etiketak kontuan hartuta iragazteko aukera dago; ez hori bakarrik, demorik jokatuenen edo jokorik desiratuenetakoen artean ere bila daiteke.

Ekimenetik kanpo egon arren, euskal garatzaileen jokoen probak ere badaudela azpimarratu nahiko genuke. Alde batetik, Moonatic Studios nafarraren One Last Breath interesgarria daukagu: Inside bezalako jokoen pausoak jarraitzen dituen 2.5 dimentsioko abentura ederra da. Bestetik, Praenaris nafartarraren —aurretik Studio Circenses deitua— The Silent Swan-era jokatzeko aukera dago: walking simulator honetan misterio bat argitzeari ekingo diogu.

Next Festeko demoak probatu ahala, entseina bereizgarria emango digute Steamekoek; hau, gainera, hobetzen joan gaitezke Discovery Queue jokoen bilatzailea erabilita.

Aipatutakoez gain, ohi bezala garatzaileak elkarrizketatu eta hauekin batera zuzenekoak egingo dituzte Steam plataforman.

2022ko udazkeneko Steam Next Festa urriaren 10era arte luzatuko da.