Astebetez bideojokoen doako probak, garatzaileei egindako elkarrizketak nahiz zuzeneko bereziak eskainiko ditu Valve-n plataforma digitalak.

Steamek bere ekimenik garrantzitsuenetakoa bueltan dela jakitera eman du. Steam Next Fest jaialdia abiatuko dute gaur arratsaldean; beste behin, ehundaka demo bilduko dituzte bideojoko sortzaile txikien zein handien proposamenak ezagutzera emateko.

19:00etan abiatuko da —Steamen neguko eguneratze orduan, alegia— ekitaldia. Ohi bezala, jaialdiari zuzendutako atal berezia argitaratuko dute saltoki digitalean. Next Festean parte hartzen duten bideojokoak modu errazean aurkituko ditugu orrialdean.

Ez hori bakarrik: ehundaka proba horien kaosean guretzat interesgarrienak izan daitezkeen altxor ezkutuak bilatzeko tresnak ere eskainiko dizkigute. Generoka sailka ditzakegu demoak, baita gehien jokatu direnak edo desiratuenak aurkitu ere.

Steamen iragarpen trailer ofizialean Southfield, Dread Dawn, Stormgate, Chasmal Fear edo Bilboko Relevo estudioa garatzen ari den Bullfighter Neon ikus ditzakegu. Hala eta guztiz ere, hainbat demotan joka dezakegu dagoeneko; izan ere, jaialdia jokoak aditzera emateko bidea baino ez da, eta hainbat proba aldez aurretik zein ostean deskargatzeko aukera daukagu,

Jokatzeko aitzakiaz gain, Next Festean tituluak aurkeztu dituzten garatzaileei egindako elkarrizketak eta zuzeneko bereziak ere ikusiko ditugu.

Bideojokozale askorentzat urteko egunik berezienetakoenetan bilakatu dira Steamen jaialdikoak. Lan komertzial handienak pixkat alboratzeko eta argitaratzear dauden titulu ezezagun baina oso bereziak ezagutzeko aukera aproposa da, eta azken urteetan geroz eta indar handiagoa lortzen joan da.

Esan bezala, Steam Next Fest gaur 19:00etan hasiko da, eta otsailaren 12an ordu berean bukatuko.