Zaleek zaleentzat sortutako erreminta da: era guztietako tituluen mod-ak biltzen ditu.

Bideojoko zaharrak instalatzea eta hauetan jokatzea da PCaren indarguneetako bat da, inolako zalantzarik gabe. 80ko, 90eko zein 2000ko hamarkadetako tituluez mugarik gabe gozatzea.

Tamalez, hauek abiatzea ez da horren erraza zenbait kasutan, sistema eragile eta hardware modernoekin talka egiten baitute, arazoak eraginda. Horien konponbideak modu errazean bilatzea eta instalatzea ahalbidetzen digu Steam Superheater tresnak.

Badira modak instalatzeko tresnak —Nexus Mods plataforma mitikoaren aplikazioa, esaterako—, baina Superheaterrek joko desberdinek gaur egungo PCetan eman ditzaketen arazoak zuzentzera bideratuta dauden eraldaketetara eta zuzenketetara begira jartzen da.

Pantaila ultrazabalentzako euskarria ematen duten modak, crash-en zuzenketak, adabaki ez ofizialak, joko zaharren port berriak eta introak zuzentzen dituzten aldaketak nabarmentzen ditu sortzaileak, besteak beste.

Fgsfds erabiltzaileak bere Github orrialdean argitaratu du erreminta. Hau jaitsi eta abiarazi bezain laster gure ordenagailuan instalatutako hainbat joko azalduko zaizkigu. Titulu bakoitzean sakatuta mod desberdinak ikusiko ditugu; adibidez, Dark Souls originalean klik eginda DSFix agertzen da. Fallout klasikoaren kasuan Fixt Vanilla moda ikusiko dugu, besteak beste.

Mod bakoitzaren informazio orokorra irakur dezakegu programatik zertarako funtzionatzen duen jakiteko eta egiten dituen aldaketen berri izateko. Klik bakarrean instala ditzakegu, noski, baita euren konfiguraziora jo ere. Ez hori bakarrik, jokoaren PCGamingWiki-ko fitxara bideratzen digun esteka aurkituko dugu.

Superheaterren zerrenda komunitateak sortutakoa da, gainera: edonork erabil dezake tresnaren editorea jokoen modak gehitzeko. Dena den, programaren arduradunak mod guztiak banaka errepasatzen dituela aipatzen du, arazoak ekiditeko.

Horrela, elkarlanean aplikazioa hobetzen joatea da helburua, zaharkituta geratu diren obra horien instalazioa errazteko.

Steam Superheater Githubetik eskura daiteke.