Ezaugarri honi esker jokoak etxeko ordenagailu batetik bestera mugitzea erraztuko eta azkartuko dute.

Valve-k iragarri duenez, Steamen bezeroaren azken beta bertsioak ezaugarri baliagarria jaso du: tokiko sare bidezko bideojokoen transferentziak egitekoa.

Tresna honekin Steameko jokoen instalazio zein eguneraketa fitxategiak kopiatu eta LAN sare bidez ordenagailu batetik bestera bidaltzea ahalbidetzen dute. Modu horretara, Interneteko trafikoa murriztea eta instalazio prozesuak bizkortzea bilatzen dute Valvekoek.

Transferentziak egiteko jarraitu beharreko pausoak azaldu dituzte Steamen laguntza orrialdean. Esan bezala, momentuz beta bertsioan baino ezin daiteke erabili erreminta: ordenagailu edo Steam Deck guztiek beta aktibatu beharko dute, beraz. Hori egiteko Steamen doikuntzetan “Kontua” erlaitzean sartu beharko gara.

Funtzionatzeko, nola ez, PC batek transferitu nahi dugun titulua instalatuta eduki beharko du. Hori eginda, jaso nahi dugun jokoa aukeratu beharko dugu bigarren ordenagailuan: hau instalatzen hasterakoan Steamek dagoeneko beste gailu batean daukagula adieraziko digu, eta hortik bidali gura dugun galdetuko.

Bidalketan arazoren bat egonez gero —adibidez, fitxategiren bat faltan edo eraldatuta egotea—, Steamek automatikoki egiaztatuko nahiz jaitsiko ditu falta diren fitxategiak. Hori bai: mod-ak, gordetako partidak edo konfigurazioak bidali gabe geratuko dira.

Gainera, bidalketek ez dute zertan erabiltzaile berarekin egindakoak izan behar: zerbitzuaren aukeretan Steamen ditugun lagunei zein beste edozein erabiltzaileri transferitzeko ezarpenak ditugu —berriro, LAN sare berean soilik egin daitezkeela nabarmenduz—.

Egia esan, antzekoak egiteko hainbat tresna daude aspalditik; dena den, eskertzekoa da Steamek berak ezaugarri hau inplementatzea, eta, are gehiago, falta diren fitxategiak edo akatsak automatikoki zuzentzea.

Valvetik ez dute adierazi ezaugarria noiz gehituko duten bezero nagusira; beraz, erabili nahi baduzu nahitaez betara igaro beharko zara.