Steam Next Fest eta Summer Game Fest Demo Event ekitaldiek ehundaka froga batuko dituzte datozen egunetan.

Demoei zuzendutako ekimen bereziak egitea gero eta ohikoa bilakatzen ari da. Steam Game Festivalekin sekulako arrakasta lortu izan dute Valvekoek, eta Xboxek ere bere aldetik antzekoak antolatzeko martxa hartu du. Hain zuzen ere, bi plataforma hauek aurtengo udako doako bideo-jokoen frogen jaialdiak hasi berri dituzte.

Steamen kasuan izenez aldatu dute marka indartu nahian: Steam Next Fest deituta, Sable, Brok the Investigator, Fallen Aces, Grime, Industria eta askoz gehiago bilduko dituzte jaialdian. Guztira ehun demo baino gehiagotara jokatu ahalko da; horiez gain garatzaileei egindako elkarrizketak eta horien zuzeneko emanaldiak antolatu dituzte.

Jokatzeko prest egongo diren jokoak ezagutzera emateko genero bakoitzari zuzendutako bideoak prestatu dituzte. Abentura, akzioaplataformakRPGakpuzzleak edota estrategia izango dira jaialdian egongo diren jokoetan ikusiko direnak.

Steam Next Fest gaur bertan hasiko da, eta ekainaren 22ra arte iraungo du.

Bestalde, Geoff Keighley kazetariak antolatutako Summer Game Fest ekimenaren baitan kokatzen da Xboxek egiten duen Summer Game Fest Demo Event. Izen amaigabe horren atzean 40 bat bideo-joko batzen dituen ekintza dago. Lake, The Riftbreaker, Echo Generation eta Tunic interesgarria izan dira, besteak beste, Redmondekoek nabarmendu dituzten lanak.

Ekimena atzo hasi zuten, eta ekainaren 21era arte luzatuko da. Xbox Wiren aldarrikatu dutenez, hauek ez dira ohiko demo arruntak: oraindik bukatu gabe aurkitzen diren proiektuen frogak dira, eta beraz garapenak aurrera egin ahala aldaketa handiak jasan ditzaketela adierazi dute Microsoftekoek.

Horietara jokatzeko Xbox Dashboardetik jaitsi beharko dira.