Steam Deck-ean izpien trazadura gaitzeaz gain, Wo Long zein Resident Evil 4 Remake tituluentzako hobekuntzak gehitu ditu.

Valve-k Steam Deck gailuaren SteamOS sistema eragilearen bertsio berria kaleratu du: 3.4.6 bertsioak 3D grafikoen Mesa 23.1 kontrolatzailea dakar bideojokoen errendimendua hobetzeko asmoarekin. Orain arte Preview katean zeuden aldaketak kate egonkorrera bideratu dituzte, erabiltzaile guztiei eskainita.

Hobekuntzak edo aldaketak Deckak mugi ditzakeen hainbat titulutan nabari behar badira ere, Valveko arduradunek gutxi batzuk aditzera eman dituzte eguneraketaren orrialdean.

Hasteko eta behin, hilabete hasieran estreinatutako Wo Long: Fallen Dynasty interesgarrian ikusitako artifaktuak eta akatsak zuzentzen ditu adabakiak. Antzekoa egiten du oraindik kaleratu gabe dagoen, baina dagoeneko doako demoa daukan obra desiratu batekin: Resident Evil 4ren berregitean ageri ziren bloke beltzak konpondu dituzte Mesaren azken bertsioarekin.

Forza Horizon 5 da SteamOSen arduradunek aipatzen duten beste jokoetako bat. Diotenez, “fokatze arazoa” desagertu egin da 3.4.6 adabakian.

Aldaketekin jarraituz, bogan dagoen teknologia erabilgarri dago azkenik Steam Deckean. Izpien trazadurari edo ray tracing-ari buruz gabiltza: ezaugarria Doom Eternalen aktibatzea lortu dute, denbora errealeko islak eskainita.

Jakingo duzuen bezala, teknologia benetan exijentea da hardwarearekin, beraz aukera grafikoak murriztea ezinbestekoa izango da izpien trazaduraz behar bezala gozatzeko. Halere, grafiko nahiko txukunekin joka daiteke aukera hau aktibatuta.

Izpien trazadurarekin egungo joko gutxi mugitzeko gai da Steam Decka, noski. Dena den, pixkanaka joko gehiagotan inplementatzen joateak eskaintza zabalagoa ahalbidetuko du: adibidez, orain egun batzuk lehen Half-Life abenturak ray traced mod-a jaso zuen, eta antzekoa egin zuen aurretik Portal maisulanak. Hauetan Deckean aritzea ez da aproposena oraindik, hori bai.

Bukatzeko, esan bezala, Mesa 23.1 bertsioak errendimendua hobetzen du hainbat eta hainbat bideojokotan; halere, Valvekoak ez dira xehetasunetan sartu, eta aldaketak azpimarratzeko lana komunitatearen esku egongo da.

Bitartean, Proton-en eguneraketei esker Deckean joka daitezkeen bideojokoen zerrenda etengabe areagotzen ari da. Esate baterako, orain gutxi Subnautica ezagunak Verified kategoria eskuratu zuen; gauza bera lortu zuen Cyberpunk 2077-k.

Urtebete igaro da jada Decka merkaturatu zutenetik; dozenaka eguneraketa jaso ditu epe horretan. Ez hori bakarrik, gaur egun ez dago erosteko itxarote zerrendatan sartu beharrik: ekoizpenak gora eginda, unean eskura daiteke Valven eskuko ordenagailua.