Steam Frame VR kaskoek Snapdragon prozesadorea erabiliko dutela ezagututa, etorkizuneko PCko bideojokalarientzako bide berriak ireki ditu Gabe Newell-en taldeak.

Steam hardware sorta berria iragarri du Valve enpresak. Gailuen artean Steam Machine ordenagailua, Steam Controller agintea edo Steam Frame VR kaskoak daude. Azken honek, baina, oharkabean igaro den ezaugarria dauka barnean: ARM prozesadoreak mugitutako SteamOS sistema eragilea erabiltzen du.

Baina, zer esan nahi du honek? Gaur egunera arte, SteamOS x86 arkitekturadun PUZak erabiltzen dituzten gailuentzat bideratuta egon da: halakoak dira, besteak beste, Steam Deck zein iragarri berri duten Steam Machine.

 

Testuinguru pixkat

ARM arkitektura pixkat desberdina da. Laburbiltzearren, orokorrean gailu mugikorrek erabiltzen dituzten prozesadoreen oinarria da: Iphone gailuen Apple Silicon, Mediatek-en Dimensity edo Steam Framek erabiltzen duten Qualcomm enpresaren Snapdragon dira adibide ezagunenetakoak Android zein iOS mugikorren munduan.

Orokorrean, kontsumo baxuagoa eta tamaina txikiagoa ahalbidetzen dute ARM bidezko prozesadoreek, eskuko gailuetarako aproposagoak izanik. Switch originalaren Nvidia Tegra X1 zein Switch 2aren Nvidia Tegra T239 txipen PUZek, esaterako, ARM erabiltzen dute.

ARM prozesadoreek ezin dezakete x86 prozesadoreen kodea irakurri. Ez, behintzat, modu errazean edo zuzenean. Kontrakoa egiteko bide ugari daude, x86an ARM kodea emulatuz, adibidez, baina orain arte aipatutakoa —ia— ezinezkoa zen: Windows-ek, esaterako, badauka Prism izeneko ARM emulagailua, baina gaur egun arazo ugari aurkezten ditu, errendimendu eskasarekin batera —gainera, Snapdragon X PUZei zuzenduta dago gaur egun—.

Hori da, hain zuzen ere, Steam Framen iragarpenak utzi digun ezusteko handia: ARM PUZarekin Windows sistema eragileko x86 prozesadoreentzat sortutako bideojokoak GNU/Linuxen mugitzeko gai dira VR kaskoak.

 

FEX proiektua: ARMn x86 programak emulatu

Snapdragon 8 PUZak SteamOS mugitzen duela adierazi dute Valvekoek: gaur egunera arte, x86 txipetara mugatuta zegoen sistema eragilea. Gailu berrien iragarpen bideoan, gainera, Hades II Steam Framen bidez jokatzen dutela ikus dezakegu.

Nola lortu dute hau egitea? FEX tresnaren bitartez. ARM prozesadoreetan x86 programak emulatzeko erreminta, alegia. Hau da, Proton-ekin Windows programak GNU/Linux sistema eragileetan erabiltzeko itzulpen edo bihurtze geruza prestatzen lagundu duten bezala, x86 jokoekin ARMn antzeko zerbait egiteko bidearen bila aritu dira.

Orokorrean, kontsumo baxuagoa eta tamaina txikiagoa ahalbidetzen dute ARM bidezko prozesadoreek, eskuko gailuetarako aproposagoak izanik.

Komunitateak abiatutako kode irekiko proiektuan isilpean ekonomikoki inbertitzen aritu dira Valvetik, babestuz eta sendotuz.

Azkar eta argi esanez: edozein ARM txipetan Windowsko eta Steameko bideojokoak exekutatzeko eta jokatzeko gai izango zara oraindik aurrera, zure mugikorrarekin barne.

Hori bideratzen duten programak existitzen direla esan beharra dago: GameHub edo GameNative bezalakoek aipatutakoa bideratzen dute. Ez dute oso fin funtzionatzen, halere, eta oraindik hastapen faseetan baino ez dira aurkitzen, arazo ugari ematen dituzte, eta Steamekin daukaten bateragarritasuna kaxkarra da.

Valveko langileei egindako elkarrizketetan irakurtzen gabiltzanez, FEXek garatzaileek aurreikusitakoa baino are bateragarritasun hobea eskaintzen du: “Une honetan, jokoak probatzen gabiltza, funtzionatzen ote duten baieztatzeko, eta, sarritan funtzionatzen dute, ustekabe ederra izan da zein ondo dabiltzan ikustea”, aipatu du Lawrence Yang ingeniariak —Steam Deckaren arduradun nagusienetakoak, besteak beste—, PC Gamer agerkarian.

Ez dute bideojokoen bateragarritasun zerrendarik edo zifrarik eskaini gura izan oraindik; zorionez, hasiera batean zituzten helburuak gainditu dituzte jadanik. Steam Frame Verified jokoen bateragarritasun sistema abiatzen dutenean hasiko gara lehen datu ofizialak ikusten. Deckaren Verified plataformarekin gertatu bezala, ordea, bateragarriak diren bideojokoak are gehiago izateko aukera dago.

FEXek garatzaileek aurreikusitakoa baino are bateragarritasun hobea eskaintzen du.

Errendimendu kostua nabarmentzen dute ingeniariek. Proton erabiltzerakoan ez zaigu hardware indartsuagorik eskatzen, kodearen itzulpena sinpleagoa delako, baina FEXekin ez da horrela izango: PUZ aldetik errendimendu handia eskatzen duten jokoetan errendimendu kostua % 10 edo % 20 areagotu daitekeela azpimarratu diete Digital Foundry-koei. Horrek ez du esan nahi FPSak % 10-20 jaitsiko direnik.

Printzipioz, ez genuke askorik itxaron beharko FEXen gaitasunak ezagutzeko. Jeremy Selan ingeniariak PC Gamerren beste artikulu batean aipatzen duenez, “hau guztia dagoeneko kode irekikoa da”: hortaz, “ARMerako SteamOS argitaratuko dugunez, edozein ARM gailutan bideojoko handiak izan ditzakezu”.

 

Etorkizunera begira

Zer suposatuko du honek, errealistikoki? Tira, gaur egun horren bogan dauden Odin, AyaNeo eta antzeko ARM bidezko Android eskuko gailuak Steameko bideojokoak exekutatzeko gai izango direla, hasteko: GameHub eta antzeko programekin Hollow Knight: Silksong, Hades II edo Fallout: New Vegaz mugi ditzakegu dagoeneko —arazoen zerrenda luzearekin—. Baina iraultzak ez du zertan hor bukatu.

Steam Deck 2arentzat “ideiak argi dituztela” diote Valvetik azken elkarrizketetan. Eskuko gailu indartsuaren proposamena alboratzea izan al daiteke ideia hori? Joko gehienak x86 PUZarekin eta Protonekin mugarazi ordez, ARM prozesadorea erabiltzen duen kontsola txikia prestatzea ote da hurrengo helburua? Steam Deck Mini edo Lite bat, alegia?

Noski, oraindik ez ditugu FEX tresnaren gaitasunak eta mugak ezagutzen. Steameko liburutegiko joko gehienak mugitzeko gai izan daiteke, edo, agian, oztopo ugari eduki ditzake gaur egungo tituluak funtzionarazteko.

Hala eta guztiz ere, PCan jokatzeko aukerak goitik behera eralda ditzakeen unean egon gaitezke, inoiz baino gehiago, kontsolen eta ordenagailuen arteko muga —are gehiago— hautsita.

Garai zirraragarriak, beraz. Steam Framen eta barruan daukatenaren zain geratu beharko gara, baina, oraingoz: Valvek “2026 hasieran” merkaturatuko ditu.