GNU/Linux oinarri duen sistema eragilea bideojokoetara zuzenduta dago, Steam plataforma zutabetzat hartuta. 3.0 bertsioa Deck gailuarekin estreinatu zen 2022an.
SteamOS sistema eragilea hardware desberdinetan hedatzen hasteko bideari ekin dio Valvek. “Decketik haratago zabaltzen” ari dela ezagutzera eman dute Steameko artikuluan: atzo iragarritako Lenovo Legion Go S eskuko PCak erabiliko du etorkizunean.
Ez da SteamOS eramango duen gailu bakarra izango, Lenovorekin abiatutakoa lehen pausoa izango baita. Horrela, Legion Go Sari SteamOS bateragarritasuna bermatzeko egin beharrekoekin ikasten dabiltzala diote Gabe Newell-en taldekoek, etorkizunean are hardware gehiagotan inplementatzeko: “SteamOSek indartua” markarekin beste eskuko PCen sortzaileekin elkarlana hasi gura dute.
Hori esanda, SteamOSen beta argitaratzeko asmoa iragarri dute: “SteamOS beta kaleratuko dugu beste eramangarri batzuetan izan dezakeen esperientzia hobetzeko, eta erabiltzaileek hau probatu ahalko dute”, diote. Printzipioz, eskuko PCen erabiltzaileek jaisteko eta probatzeko eskainiko dute; hau da, ez litzateke PC edo eramangarri arruntentzako aproposa izango.
Zergatik muga hau? Ziurrenik, Nvidia osagarrien bateragarritasunagatik: GNU/Linuxeko erabiltzaileek borrokan jarraitzen dute etxe berdeko txartel grafikoen driver-ekin, eta hori zuzendu nahian ibiliko lirateke Valvekoak. Dena den, sistema eragilearen beta kaleratu arte itxaron beharko dugu PC arruntetan erabil daitekeen ikusteko.
SteamOS jokatzera bideratutako sistema eragilea da: helburua egungo kontsolek eskaintzen duten antzeko esperientzia PCra eramatea da, aginteekin —nahiz saguarekin eta teklatuarekin— erabiltzeko interfaze erosoa proposatuta. Ezaugarri berezi sorta zabala eskaintzen du, gainera: etenaldi/abiatze azkarra eta aginte mota desberdinentzako euskarri indartsua aipa daitezke, Steamek bere baitan biltzen dituen bestelako tresna interesgarri anitzekin batera. Bere erremintarik nabarmenena Proton bateragarritasun geruza da: Windows bideojokoak GNU/Linuxen mugitzeko balio digun ezaugarria.
2015ean argitaratu zuten, betatik atera ostean, 2.0 bertsioa. Ez zen oso arrakastatsua izan: ezaugarrien eskasiak hainbat arazo ekarri zizkion, batez ere, Protonen faltak. GNU/Linux jokoetara mugatuta zegoen, eta berarekin batera merkaturatu ziren Steam Machine PC/kontsolek ez zuten bideojokozaleak erakartzea lortu.
2022an iritsitako SteamOS 3.0 bertsioak, ordea, sistema eragilea goitik behera eraberritu zuen. Arestian aipatutako ezaugarriekin batera kontsolen interfazea eta ezaugarriak PCan erabiltzea posible zela erakutsi zuen; Steam Deckaren arrakastarekin batera, sistema eragilearen zaletuen zifrak gora egin du azken urteotan.
Lenovo Legion Go S, maiatzean
Esan bezala, Lenovoren Legion Go S izango da SteamOS ekarriko duen lehen gailua —Windows 11rekin ere jasoko dugu—. Las Vegas hirian egunotan egiten dabiltzan CES 2025 azokan ezagutzera eman dute, maiatzean merkaturatuko dutela iragarrita.
Hardware aldetik tresna sendoa eratu dutela pentsa daiteke. AMD Ryzen Z2 Go txiparekin errendimendu esanguratsua ikusiko dugu bideojokoetan —oraindik ezagutzeke dago, halere—; 55Wh bateriak aproposa dirudi; botoi guztiekin etorriko da, trackpad txikia barne —eskuineko palankaren azpian duen laukitxoa da—.
Bi modelo desberdin edukiko ditu. Bien arteko aldea memorian eta biltegiratzean dago: 630 eurotan estreinatuko denak 16 GB RAM eta 512 GBeko SSDa edukiko ditu; 800 eurotan kaleratuko dutenak, ordea, 32 GB RAM eta TB 1.
Iruzkinak