Teaser zinematikoarekin aurkeztu dute hirugarren pertsonan jokatuko den akziozko joko kooperatiboa. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.

Indie jokoen munduan frankizia oso maitatuta izatera iritsi da SteamWorld. Robotak protagonista dituen saga hau Tower Defense jokoarekin hasi zen, baina ordutik hona askotariko generoak landu ditu: SteamWorld Dig 1-ek eta 2-k plataformak eta esplorazioa dute ardatz; Heist-ek txandakako akzioa eta estrategia; Quest, berriz, RPG abentura da. Orain, beste genero batean murgilduko dira, aldi berean atal teknikoa guztiz eraberrituta: SteamWorld Headhunter aurkeztu du Thunderful-ek.

Lehen aldiz hiru dimentsioetara pasako dira, cowboy-en girotzera itzulita beste batez. Hori bai, “grafiko estilizatu eta koloretsuak” agindu dituzte.

Iragarpena egiteko teaser zinematikoan bi roboten arteko duelua ikus daiteke, beraz tiroketak espero dira Headhunterren. Gauza gutxi zehaztu duten arren, “hirugarren pertsonan jokatuko den akziozko joko kooperatiboa” dela diote garatzaileek. Buruak ehizatu beharko direla dirudi: mertzenario lanak egingo direla esan daiteke, robotak harrapatuta. Horri aipamena egiten diote arduradunek, “burua hausteko birak” egongo direla adierazita.

Argitaratze data eta plataformak aipatu gabe utzi dituzte, baina. Hiru dimentsioetara igarota PC-an eta kontsoletan kaleratuko dutela suposa daiteke, baina Thunderful banatzailekoek baieztatu arte itxaron beharko da. Jokoaren garapenaz arduratzen da, zehazki, argitaletxearen sortzaileen artean dagoen Image & Form estudioa.

Frankiziako jokorik interesgarrienetako bat oparitzen ari dira une honetan, gainera. SteamWorld Dig 2 doan eskuratu daiteke PCrako Steam eta GOG saltoki digitalen bitartez.