Plataformak eta akzioa batuko ditu 16-biten garaia gogora ekarrita. Zenovia Interactive nazioarteko estudioaren lehen bideo-jokoa da.

Gaur egungo bideo-jokoek atal grafiko ikaragarriekin erakartzen dituzte jokalariak, baina beste garai batzuk gogorarazten dituzten obra independenteek sekulako indarra lortu dute azken hamarkadan. Hori da orain kaleratutako Steel Assaultek eskaintzen duena, Game Boy Advance kontsola eramangarrian ikusitako jokoen pausoak jarraituta.

Zenovia Interactive garatzailearen eta Tribute Games banatzailearen obran Taro Takahashi soldadua izango da protagonista. Bi dimentsioetako akzioa eta plataformak biziko dituzte berarekin jokalariek: ehundaka robot akatu eta Magnus Pierce diktadore zitala garaitzea izango da bere helburua.

Etorkizuneko armak ikusi dira Steel Assaulten, baina erabilgarriena gantxoa izango da. Honekin batera tirolina eratu eta mugitzeko bide berriak erabili ahalko ditu Takahashik. Etsai nagusi erraldoiekin ere topo egingo du run and gun honetan, Metal Slug bezalako saga klasikoak inspirazio iturri argitzat hartuta.

Garatzaileek argi diote: hemen ez dago bueltaka ibiltzerik edo prozeduralki sortutako mailarik. Eskuz sortutako akzioz betetako mailak bakarrik eratu dituzte Steel Assaulterako.

Bideo-jokoa dagoeneko eskuragarri dago Nintendo Switch kontsolan eta ordenagailuetan, Steam plataforma bidez azken kasu honetan.