PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da hasiera batetik.
Shift Up garatzaileak Stellar Bladen jarraipena aurkeztu du. Stellar Blade: Blood Rain trailer ikusgarriarekin igaro da Summer Game Fest-aren aterpetik.
Evie izeneko protagonista berriarekin biziko dituzte jokalariek duelu ikusgarriak. Xehetasunez betetako hiri erraldoian girotuko dela dirudi: bertako zokoak zeharkatzen ariko gara, tartean munstroen eta eraldatutako gizakien aurka borrokatuz. Neska gaztearen arma nagusia eskularru elektrikoak izango direla ikus daiteke. Hauei esker kolpe bizkorrak nahiz indartsuak banatuko ditu, abiada bizian saihesteak eta kontraerasoak eginda.
Stellar Blade originala 2024an estreinatu zen PlayStation 5ean; ondoren, PCko bertsioa ere jaso zuen, bi plataformetan iritzi baikorrak bilduta. Blood Rain oraindik garapeneko lehen faseetan aurkitzen dela azpimarratu dute egile hegokorearrek, nahiz eta dagoeneko itxura aparta daukan. Hori dela eta, laster informazio gehiago partekatuko dutela agindu digute.
Plataformak zehaztuta eta baieztatuta utzi dituzte, hori bai. Stellar Blade: Blood Rain PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak