Espazioko shoot ‘em up jokoen generoak ez da inoiz oso entzutetsua izan gurean. Arkade aretoetako makinetan nolabaiteko arrakasta izan zuen 80ko hamarkada bukaeran zein 90eko hasieran: Galaga, Thunder Force zein Gradius zebiltzan handik. PlayStation kontsoletan, bestalde, R-Type bezalako frankiziak nahiko ezagunak ziren. Hala ere, Japonian betidanik erakarri izan dituzte jokalariak: Ikaruga, DoDonPachi edo TouHou Project frankiziako atalek jokalari mordoa mugitzen izan dute, eta, egia esan, azken urteetan halako berpizkunde bat bizi dutela esan dezakegu.

Aipatutakoek, baina, ez dute aparteko berritasunik eskaintzen. Genero zahar honetan esperimentatzeko eta probatzeko saiakuntza gutxi egin dira; hobeto esanda, zerbait desberdina egiten saiatu direnak obra txikiak eta ezezagunak izan dira publiko zabalarentzat. Horixe bera esan daiteke generoa eraberritzeari ekin zion Steredennengandik: Pixelnest Studio frantseseko kideek sortutako titulua saritua izan arren, ez du lortu jokalarien arreta bereganatzea. Steam plataforman, adibidez, ez du lortu aldibereko 300 jokalariak gainditzea.

Tristea da, proposatzen diguna oso interesgarria baita. Shmup horizontal honetan, nola ez, dozenaka etsai akatzen ariko gara segundoko: tiroak nagusi izango dira, baita abilezia berezi ikaragarriak ere. Lasaitasun une batzuk alboratuta, pantaila saihestu beharreko balez, laser izpiz, arrokez eta ontziz beteta egongo da. Aipatutakoak ontzien joko arrunta egiteko baino ez dute balio, hori bai: benetako berritasuna roguelike estalkiaren aldetik dator.

Bideojoko independenteen munduan sekulako indarra hartu duen generoa da. Denok ezagutzen ditugu The Binding of Isaac, Hades, Nuclear Throne edo Enter the Gungeon maisulanak; jokagarritasun mekanika zorrotzei baina sinpleei ausazko elementuak gehituta dinamikotasuna eta freskotasuna eskaintzea ahalbidetu dute hauen garatzaileek.

 

Galaxia ezezagunean murgiltzen, behin eta berriro

Horixe bera da Steredennek bilatzen duena. Partida bakoitza desberdina izango da, ez bakarrik hasiera batean hautatuko dugun ontziaren ezaugarriengatik: erasoaldi desberdinetan aurkituko ditugun armak, abileziak, hobekuntzak —edo ahultasunak—, mailak eta etsai nagusiak aldatuz joango dira. Modu horretara, arkade makinetan ikusitako jokoen errepikakortasun horri buelta ematen dio Pixelnesten tituluak, aldi berean jokook horren erakargarriak egiten dituzten elementuak mantenduta.

Partida hasi aurretik gure ontzia hautatu beharko dugu. Hasiera batean bakarra gidatu ahalko da: edozein egiteko burutzeko aproposa den Erauntsia. Guztira bost ontzi eskainiko dizkigu bideojokoak; hauek desblokeatzeko baldintza bereziak bete beharko ditugu aurretik.

Espazio ontzi bakoitzak bere estatistikak izango ditu: batzuek sekulako erasoak egitea ahalbidetzen dizkieten armak dituzte partida hasi bezain laster, adibidez. Geldoagoak eta indartsuagoak nahiz bizkorragoak baina ahulagoak dira orokorrean, baina mekanika bereziak dituztenak ere ikusiko ditugu. Adibidez, Espezialista bot-etan aditua da: bakarrik tiro egingo duten gailu hauek hobetzeko eta babesteko gai izango denez, jokatzeko modua erabat aldatuko da.

Gidatuko dugun ibilgailua hautatuta, espazioan zehar murgilduko gara, denborarik galdu gabe. Partida guztiak modu berean hasiko dira: gure armadaren ontzi nagusia suntsituko dute espazioko piratek, eta hauen aurka abiatuko gara gure planeta defendatzeko. Generoan ohikoa denez, frenetikotasuna izango da nagusi; arerioak akatzen gabiltzala adi ibili beharko gara tiroak eta bestelakoak saihesteko. Zailtasuna, gainera, nabarmentzekoa da: tiro gutxi batzuekin suntsituko dute gure ontzia, nahiz eta Gotorleku indartsua pilotatzen ibili.

 

Balen infernua

Hortaz, erreflexuak ezinbestekoak izango dira bizirik jarraitzeko. Etsai mota desberdinek eraso propioak edukiko dituzte, gainera: gure ontzira zuzenean tiro egingo duten ontzi sinpleak daude, baina baita gure aurka kamikaze estilora oldartuko direnak, minak jarriko dituztenak, laser bidez pantaila labirinto batean bilakatuko dutenak zein misil gidatuak jaurtiko dituztenak. Arriskutsuenak ahalik eta azkarren idenfitikatzea eta hauek jarraian akatzea izango da gure betebeharra, dudarik gabe; bestela, ia ezinezkoa izango da tiroengandik ihes egitea.

Etsai nagusiek emango diote gatza eta piperra abenturari. Ontzi erraldoiek eraso berezi mordoa jaurtiko dizkigute, jokoa bullet hell batean bilakatuz. Eraso patroiak barneratzea eta hauei aurre egiteko biderik aproposena bilatzen ibiliko gara lehenengo partidetan; behin horiek ikasita, gure iaiotasunaren menpe egongo da garaipena lortzea.

 

Ezagutza, ezinbestekoa

Hori errazteko, baina, ekipa daitezkeen armak eta abileziak eskuratuko ditugu. Mailan behin edo birritan —hauen kopurua areagotu daitekeen arren— kargaontzi bat azalduko da: hau suntsituta, objektuak lor ditzakegu: normalean armak izango dira, baina osasuna berreskuratzeko kitak ere bota ditzakete. Armak kategoria desberdinetan banatuta daude: balak, energia, ezkutua, astunak, gorputzez gorputzekoak, eta bot-ak.

Mota bakoitza aproposa izango da etsai desberdinentzat, baina soinean bi arma bakarrik eraman ditzakegu. Hortaz, hauek ezagutzea eta ondo aukeratzea oso garrantzitsua izango da partidak bizirik bukatzeko. Energia armak oso baliagarriak dira asteroideak eta arrokak lehertzeko; bala normalak, berriz, ia denetarako balioko digute; astunek ikaragarrizko kalteak eragingo dituzte, baina geldoak dira; gorputzez gorputzekoak erabiltzeko etsaiengana hurbildu beharko gara, gure ontzia arriskuan jarrita, baina oso boteretsuak dira.

Armez gain, mailen bukaeran agertuko zaigun buruzagia gainditzerakoan hobekuntza bat aukeratu ahalko dugu. Hauek ausazkoak izaten dira: bost bat utziko ditu etsai nagusiak, baina bakarrarekin geratuko gara. Arma mota zehatz baten indarra areagotzea, bizi gehiago, mailako kargaontzi gehiago azaltzea, defentsa hobeak… Partida horretan lortutako armen arabera hautatzea izango da zuzenena: energia armak erabiltzen bagabiltza, ez du zentzurik botak indartzeko hobekuntzak biltzea.

Mailei dagokienez, hauen girotzea aldatuko da gehienbat: ausazko erronkak nagusitzen direnez, ez dugu desberdintasun zehatzik ikusiko gune bat bestearekin alderatuz gero. Hala ere, batzuetan oztopo bereziei aurre egin beharko diegu: urrunetik jaurtitako laser izpi bizkorrak, asteroide zelaiak edo minaz betetako guneak zeharkatuko ditugu noizean behin.

Shmup horizontal honetan, nola ez, dozenaka etsai akatzen ariko gara segundoko: tiroak nagusi izango dira, baita abilezia berezi ikaragarriak ere. 

Sekretuak barra-barra agertuko zaizkigu, gainera. Etsai nagusi bereziak dira gehienbat, baina kokapen ezezagunak, hobekuntza berriak eta joko, film zein telesailei egindako erreferentziak ere ikusiko ditugu.

Esan bezala, jokagarritasuna benetan bizkorra eta ikusgarria da: adi egotea eskatzen digu jokoak, baina behin aginteak menperatuta, gozamen hutsa da dozenaka ontzi lehertzen ibiltzea inolako gupidarik gabe. Soinu bandak asko laguntzen du partidetan murgiltzen: rock eta heavy doinu gogorrekin topera ariko gara gidatzen, nahiz eta pixkat errepikakorrak egin.

 

Dinamikoa bai, baina ez behar beste

Errepikakorrak dira baita, zoritxarrez, etsaien diseinuak. Ontzi guztiak oso-oso antzekoak dira: tamaina desberdinak dituzten arren, kolore eta forma berberak ikusten ariko gara uneoro. Gauza bera gertatzen da, gainera, etsai nagusiekin: gehiegi errepikatzen dira, eta, buruzagi mota berberak hainbat maila izan ditzakeen arren, ez dugu desberdintasun handirik nabariko. Zitalik berezienak etsai sekretuak izango dira, eta horiek baldintza oso zehatzak betzerakoan soilik ikusiko ditugunez, arraroa da hauekin topo egitea.

Gauza bera gertatzen da armekin: Kategoria desberdinak aipatu ditugu, baina, egia esan, hauen artean gehiegizko antzekotasunak ikusiko ditugu. Aproposagoa izango zen tiro mota urriagoa izatea, baina hauek elkarren artean bereziagoak egitea; aurrera tiro egiten dutenak dira nagusi, eta azkenean modu berean erabiliko ditugu gehienak. Ez dute estrategia bereziak eratzeko aukerarik ematen, ezta zorakeriarik eragin ere. Roguelike estiloko jokoetan esperimentatzea eta gauza harrigarriak nahiz bitxiak ikustea zein konbinazio bereziak egitea eskertzen da: Steredennek ez du horretarako biderik eskaintzen.

Zorionez, dibertsioa bikoiztu egingo da lagun batekin jokatuz gero. Bi jokalarirentzako kooperatiboa eskaintzen du bideojokoak: bakoitzak ontzi bat aukeratuta tiroak ere biderkatu egingo dira. Horrez gain, ausazko elementuak ezabatuta aritzeko superjokoan ere ibil gaitezke. Horrela, lortutako puntuazioak eta klasifikazioek zentzua edukiko dute: jokalari guztiek abentura berbera biziko dute. Pertsonalizatutako partidak ere bizi daitezke: hazi desberdinak hautatuta zenbait aukera desberdin ikusiko ditugu, hauek partekatuta, beste jokalari batek ikusitako gauza berberak azalduko zaizkigu gurean. Etsai nagusien aurka bakarrik jokatzea ahalbidetzen du, bukatzeko: modu ezin hobea praktikatzeko.

Errepikakorrak dira baita, zoritxarrez, etsaien diseinuak. Ontzi guztiak oso-oso antzekoak dira

Oinarri bikainak baditu ere, behin eta berriz gauza bera eskaintzerakoan huts egiten du Pixelnesten lanak. Ordu gutxi batzuetarako dibertigarria da, baina bere mugak ikusten hasterakoan alboratzen hasiko gara. Hala eta guztiz ere, hamar bat ordutako partida eskainita, antzinako garaietan bezala ontziak suntsituz itzel pasa dudala esan dezaket. Bere prezioagatik, trailerretan ikusitakoak erakartzen bazaitu, probatzea merezi duen titulua da, zalantzarik gabe, Steredenn.

Shoot ‘em up generoko joko nagusien oinarriak hartu eta zerbait berria egiten saiatzen da Steredenn. Ez du guztiz lortzen, baina hala ere joko txiki bezain gogoangarria izatea lortzen du. Bideojokozale trebeenei zuzendutako joko honek akzio ikusgarria eskaintzen du, ez dago besterik: Arkade aretoetan sartzerakoan txanponak halako jokoetan uzten bazenituen, merezi du Pixelnesten jokoari heltzeak.