PS5 eta PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan estreinatuko da, baita PC-an Epic Games Store saltokiaren bitartez. Demoa abiarazi dute belaunaldi berriko kontsoletan.

Tokyo Game Show azokaren baitan Final Fantasy sagako hurrengo bideo-jokoaren inguruko berritasunak eskaini ditu Square-Enix garatzaileak. Martxoaren 18an merkaturatuko dute Stranger of Paradise Final Fantasy Origin izen amaigabea daukan abentura, eta hori iragartzeko trailerra prestatu dute japoniarrek.

Kaosa garaitzea izango da Final Fantasyen JRPG mekaniketatik aldendu eta akziora pasako den lan honen helburu nagusia. Team Ninja garatzailea arduratuko da bideo-jokoa sortzeaz, eta bere Nioh saga ezagunerako eratutako mekanika eta oinarriekin egingo du: Dark Souls-en eta Monster Hunter-en arteko nahastea dela esan daiteke beraz. Istorio aldetik bideo-jokoak lehen Final Fantasy abenturari lotuta egongo da.

Guzti hau frogatzeko aukera edukiko dute belaunaldi berriko kontsolak eskuratzea lortu duten zaleek. Izan ere, bigarren doako demoa kaleratu dute arduradunek: PlayStation 5ean zein Xbox Seriesetan argitaratu dute, eta urriaren 11ra arte jokatu daiteke.

Froga kontsola hauetarako soilik prestatu duten arren, Stranger of Paradise Final Fantasy Origin PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan merkaturatuko dute martxoaren 18an; ordenagailuen kasuan Epic Games Store saltoki digitaleko esklusiboa izango da.