Japonia, borrokak eta musika izango ditu protagonista bost aro desberdinetan. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko du Sega-k.
Xbox Presents: A Special Look at Stranger Than Heaven aurkezpen berezian Ryu Ga Gotoku talde japoniarraren obra neguan argitaratuko dela jakitera eman da. Horrekin batera, mafiosoen abentura berriari buruzko datu ugari eskaini dituzte arduradunek.
Makoto Daito izango da protagonista: 1915eko AEBetatik Japoniara bidaiatuko duen gaztea. Ezer gabe ekingo dio bizitza berriari Fukuokan; RGGren istorioak jarraitu dituztenek argi edukiko duten bezalaxe, baina, yakuza eta biolentzia izango dira ardatz bere ibilbidean.
Kolpeek eta labankadek Yakuza edo Like a Dragon jokoetan ikusi gabeko maila odoltsua erakutsiko dute oraingoan. Ahaztu Kiryu eta gainerako Yakuza bakezaleez: borroka gogorrak biziko ditugu Makotorekin. Dueluak dinamikoagoak izango direla azpimarratu dute japoniarrek: borroka sistema eraberrituarekin eraso eta konbo ugari erabiliko ditu protagonistak, kontraerasoei garrantzia handiagoa eskainita, baita denetariko armak ere.
Stranger Than Heaven ez da ukabilkadetara mugatuko, ordea. Musikak ere bere txokoa edukiko du abenturan zehar: Showman hutsa izango da protagonista, abeslariak zein dantzariak bilatu behar izanik ikuskizunak antolatzeko. Doinuak prestatzen ere ariko da: inguruneetako hotsak eta erritmoa entzunda osatuko ditu kantak, eta horiek prestatzea izango da ikuskizunetarako azken pausoa.
Jokoaren ezaugarririk berezienetakoa, baina, eskala edo denbora izango da: 50 urteko ibilbidea egingo dugu Makotorekin. Fukuokatik hasita, 1929ko Kure (Hiroshima), 1943ko Minami (Osaka), 1951ko Atami (Shizuoka) eta 1965eko Shinjuku (Tokio) bisitatuko ditugu berarekin. Hauen artean Yakuza jarraitzaileek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten Kamurochō zein Sōtenbori barrutietara itzuliko gara.
Izan ere, Stranger Than Heaven Yakuzako kontakizunen oinarriak ezarriko dituen abentura dela susma daiteke: pertsonaia berriak ezagutuko ditugun arren, Kiryuren abenturetako mafioso familien hastapenak ikustea espero da.
Pertsonaiak aipatuta, aurpegi ezagun ugari ikusiko ditugu bideojoko berrian. Yu Shirota aktore japoniarrak jarriko dizkio aurpegia eta ahotsa Makotori, baina berarekin batera Snoop Dogg zein Ado abeslariak edo Bunta Sugawara nahiz Akio Otsuka —hau da, Solid Snake japoniarra— aktoreak egongo dira.
Azken Like a Dragon jokoek hala nolako balorazioak jaso ondoren, Ryu Ga Gotokukoek Stranger Than Heavenekin mailaz igotzea erabaki dutela dirudi. Neguan ikusiko dugu: kaleratze data zehaztu gabe utzi duten arren, aurten merkaturatzeko asmoa daukatela berretsi dute japoniarrek.
PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan jokatu dugu Stranger Than Heavenen.
Lander Unzueta
Iruzkinak