Bost aro eta bost hiri japoniar ezagutuko dituzte jokalariek. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da.
Stranger Than Heaven, Ryu Ga Gotoku Studioren hurrengo jokoak, argitaratze data jakinarazi du Summer Game Fest emanaldiaren aterpean: datorren urteko urtarrilaren 15ean plazaratuko du Sega-k.
Bideo berriarekin protagonistak eta aktoreak berriz ezagutzera eman dituzte, azken ezustekoa iragarrita: Tupac Shakur —1996. urtean hildako— musikagilearen aurpegia erabiliko dute Amaru izeneko pertsonaia bizitzara ekartzeko. Tupackekin batera Snoop Dogg eta Ado abeslariak nahiz Bunta Sugawara —hau ere zendutakoa— edo Akio Otsuka aktore japoniarrak ikusiko ditugu.
Horrez gain, dagoeneko ezagutzen genituen elementuak gogorarazi dituzte arduradunek. Yakuza eta Like a Dragon sagen spin-off abentura izango da Stranger Than Heaven: Makoto Daito gidatuko dugu Tojo yakuzen klanaren hastapenak ikusteko. 50 urteko ibilbidea biziko dugu Makotorekin: Fukuokatik hasita, 1929ko Kure (Hiroshima), 1943ko Minami (Osaka), 1951ko Atami (Shizuoka) eta 1965eko Shinjuku (Tokio) bisitatuko ditugu.
Borroka ikusgarriak, istorio sakona eta atal grafiko ederra agintzen ditu bideojokoak; oraingoan, mandoaren kolpekari bakoitzak eskuetako bat kontrolatzeko edo horri lotutako mugimenduak exekutatzeko balioko du, mekanikak biziberrituta eta konbo konplexuagoak ahalbidetuta.
PC, PS5 eta Xbox Series merkaturatuko da Stranger Than Heaven urtarrilaren 15ean.
Lander Unzueta
Iruzkinak