Orain dela hilabete batzuk, soulslike motako jokoz osatutako bundle edo joko sorta bat erosi nuen. Joko horien artean Strayed Lights izeneko hau zegoen, atal ilunak zein argiak zituzten pertsonaiez betetako abentura labur eta deigarria.

 

Etsaiaren kolpeak geldiaraztearen artea

Hastapenetik dakusagu pertsonaia protagonistaren barruan alde ona eta gaiztoa daudela. Bigarrenak gorputzaren atal garrantzitsu bat ostuko du, eta ahuldutako onak berreskuratzeari ekingo dio. Kontuan hartu behar da istorioko pertsonaia antropomorfiko guztiek daukatela beltz koloreko gorputza, kolore gorri edo urdineko atalekin nahasturik.

Jokoak argazki modua dauka, baina ez nintzen gai izan aukerei zegozkien hitzak kentzeko.

 

Argi esan behar dut, niri ez zait soulslike motako jokoa iruditu, baina, aldi berean, proposamen bitxia dela begitandu zait. Borrokek abilezia eskatzen dute, bai, eta, akatsak eginez gero, etsai arruntek ere akaba zaitzakete. Beste alde batetik, hiltzean ez ditugu arimak edo esperientziarik galtzen, ez ditugu berreskuratu behar, eta, ondorioz, gure errakuntzek ez dute zigor hain handia izango.

Borroka sistemak badauka berezitasunik. Etsaiaren erasoak geldiaraztea eskatuko digu batez ere, une zehatzean botoi jakin bat sakatuz. Baina, haratago doa, etsai zein protagonistak kolore gorriz zein urdinez jar dezakete gorputza, eta oso adi ibili beharko gara. Eraso gorriei geldiketa gorriak egin, eta urdinei, urdinak. Egingo dizkiguten eraso moreak ordea, derrigorrez ekidin beharko ditugu, ez baitago haiek geldiarazterik.

Arerio nagusien aurkako borrokak dira erronka interesgarri zein ikusgarrienak.

 

Helburua etsaiaren neurgailu bat betetzea izango da, horretarako eraso geldiketak egin beharko ditugu, eta ahal dugunean, guk eraso egin. Baina kontuz, guk erasotzea ez da jokoaren bide arrunta, neurgailua igotzen joateko laguntza txikia baino ez da. Ezin dira eraso asko jarraian egin ondoren kolpatua izan gabe. Esan bezala, jokoak geldiketak egitea eskatzen du, eta beraz, zehaztasuna eta erritmoa dira giltza garrantzitsuak.

Hasi eta gutxira, hainbat bide dauzkan kokaleku batera iritsiko gara, eta erdigune jakin horretara nahi dugunean teleportatu ahal izango gara. Bide bakoitzak arerio nagusi batengana eramango gaitu eta orduan ikusiko dugu jokoak eskaintzen duen benetako erronka.

Etsai arrunten artean, ezpata itxurako arma manieatzen dutenek maila duineko erronka dakarte.

 

Izan ere, bidean zehar aurkituko ditugun etsai arruntak ondoren etorriko denari begirako prestaketa jardueratzat hartu ditut. Aipatutako erritmo eta zehaztasunari etsaien eraso segidak gehitu behar zaizkie. Aurkari normalen eraso segidak ikasiko ditugu lehenik, ez dira aberatsenak, baina aniztasun maila bat aurkezten saiatzen dira. Orokorrean, nahiko aurreikusgarriak egin zaizkit, baina aitortu behar dut amaiera aldeko etsai arrunt mota batek erronka sakonagoa plazaratu didala.

Helburua etsaiaren neurgailu bat betetzea izango da, horretarako eraso geldiketak egin beharko ditugu, eta ahal dugunean, guk eraso egin.

Benetako saltsa arerio nagusien aurka bizi izan dut, estetikaz gain, borroka estilo berezia baitauka bakoitzak. Borrokalekuan zehar azkar mugitzen dira, eta, bakoitzaren aurkako lehen aldia, behintzat, ikuskizun interesgarria izan dela deritzot. Indarrak neurtzean, arerio nagusiek fase bat baino gehiago daukate, eta, zenbait kasutan, saialdi berean burutu beharrekoak.

Jokoaren mamia etsai nagusien aurka borrokatzerakoa dagoela deritzot, atal landuena da nire aburuz.

 

Lehenengo saialdietan beren bila joaten nintzen korrika, atzaparkadaren bat tartekatzen saiatzeko. Beranduago erabaki nuen, komenigarriagoa zela nire tokian geratu eta etorriko ziren erasoak aurreikusten saiatzea.

Benetako saltsa arerio nagusien aurka bizi izan dut, estetikaz gain, borroka estilo berezia baitauka bakoitzak.

Funtsean, jokoan aurkituko ditugun pertsonaiak bi egoeratan daude. Batzuk lasai daude, baina jokaera pasiboa daukate, ez dabiltza gaizki daudenak laguntzen. Beste batzuk ordea, iparra galduta dabiltza: erresuminduta, ikaratuta, faltsukeriatan bizi direlako edo bestelako arrazoiengatik. Protagonista bere lagunak zein norbere burua askatzen saiatuko da, eta horrek, hainbat borroka ekarriko ditu.

Paisaia eder zein erakargarriak dauzka bideojokoak, xehetasunetan maila bera mantentzen ez duen arren.

 

Strayed Lightsen istorioaren garapenean erdigunetzat jokatzen duten aipatutako bi kokaleku topatuko ditugu. Bakoitzaren inguruan arrautza itxurako objektu moreak bilatu ditzakegu: nahikoak aurkituz gero, informazioa ematen duten irudi batzuk ikusi ahal izango ditugu.

Bideetan aurrerantz goazela, izkinetan erdi ezkutatuta argi txiki batzuk topatuko ditugu. Nahikotxo biltzean abilezia nagusiak ikasiko ditugu, eta hauek borroketan laguntza interesgarriak eskaintzen dituzte. Abilezia batek kolpe handi bat emango dio etsaiari, beste batek arerioak zorabiatuko ditu une batez, eta, badago beste bat, epe batez, erasoen koloreak ardura gabe jokatzea baimentzen diguna.

Itxura idilikodun lekuak ezagutuko ditugu, baina guztia ez da ederra aurkeztuko zaigun mundu honetan.

 

Gainera, aurkari arruntak garaitzean ere harri berezi batzuk jasoko ditugu, eta hauek beste maila bateko hobekuntzak baimenduko dituzte. Hobekuntzak ezartzea erraza da, protagonistak meditatu dezake eta bertatik erabakitzen du zer indartu. Meditatzen ari dela, zegoen tokira itzul daiteke, edo unean dagoen tokiari dagokion erdiguneko kokaleku nagusira.

Strayed Lights, oro har, joko iluna da koloreei dagokienean, ez dugu ostarkurik ikusiko. Iluntasunez bustitako izakiei buruz dihardu, eta hori nabaritu egiten da. Halan ere, badaki paisaia ederrak adierazten, eta urrunean ikusiko ditugun ikusmira batzuk argazkiak ateratzeko modukoak dira. Hori bai, ez ahaztu aurrekontu murriztudun ekoizpena dela, inguruan izango ditugun haitz, bide, habe eta bestelako objektuen poligono kopurua ez da handiegia izango. Dena dela, artistikoki adierazi nahi zutena helarazteko gai izan direla deritzot: izan baso misteriotsuak zein kobazulo arriskutsuak, baita espero ez nuen paisaia idiliko igarokorren bat ere.

Arkitektura eredu bitxiak dauzkaten zenbait eraikin eta inguriro zeharkatuko ditugu.

 

Pertsonaien kasuan, beste horrenbeste, garrantzitsuak direnak bereizteko gai izango gara, ezaugarri jakin batzuk dituztelako baina, ez ditugu haien xehetasun mailagatik gogoratuko, zoritxarrez. Soinu aldetik sinpletxoa begitandu zait. Soinu efektuak hor daude baina hortik aurrera ez dut gauza aipagarriegirik aurkitu. Beharbada ez naiz oso adi egon, jokoaren hiru laurden kolpeak eteten eman dut eta!

Orokorrean ondo funtzionatu duen jokoa izan da. Etsai goren batzuen hasiera bideoan apur bat geldotu da kasuren batean baina tira, arazo nabarmenik ez. Beno, eta hartu kontutan, jauzika ibiltzeko pentsatuta ez dauden tokietan jokoak ez duela oso ondo erantzuten. Nik bezala, bide nagusitik irten, eta tokien bazterretan dauden haitzak eskalatu eta saltoka ibiltzea gogoko baduzue, jakin ez dagoela horretarako pentsatuta.

Etsai arrunt batzuek ere, ongi neurtu ezean, badakite egurra ematen, bereziki borrokaleku txikietan gaudenean.

 

Strayed Lights jokoak abentura labur baina intentsua dakar erronka jakin bat bilatzen duenarentzat. Orokorrean ez zait aparteko jokoa iruditu, baina bere indarguneak onartu behar zaizkiola pentsatzen dut. Bere borroka sistema onartu edo alde batera uztekoa dela irizten diot, zehaztasuna, erritmoa eta eraso segidak ardatz dituena. Estetikoki oinarria ona da, baina fintasun mailatik urrunegi dago eta gehitu dizkioten esplorazio atalak maila sinpledunak dira. Erasoen geldiketen kontuagatik edo estetika aldetik erakarriak izan direnei gomendatuko nieke. Bost ordu baino zertxobait gutxiago iraun du nire kasuan eta Steameko iruzkinen % 79 positiboak dira une honetan.