Zinematika labur batekin aurkeztu dute borroka frankizia ezagunaren atal berria. Udan emango dute informazio gehiago.

Joan den astean atzerako kontaketa bat ikusi genuen Capcomeko japoniarren aldetik. Capcom Pro Tour txapelketaren bukaerarekin kointziditzen zuenez, zaleek argi zuten: Street Fighter berria aurkeztuko zuten. Halaxe izan da. Street Fighter 6 abian da.

Aurkezpen trailerrean ikus daitekeenez laugarren atalarekin hasitako cartoon estilo bizia atzean utzi dute behin betiko. Horren ordez estetika errealistagoa izango du seigarrenak; ez da harritzekoa: nabari daitekeenagatik RE Engine motor grafikoa erabiliko du borroka jokoak. Horrekin azken Resident Evil edo Devil May Cry tituluen atal teknikoa eratu izan dute, emaitza ikusgarriekin.

Atal grafikoa da, hain zuzen ere, erakutsitako trailerretik atera daitekeen ondorio bakarra. Zinematikan ez dugu jostagarritasunik aurkituko; hori bai, sagako pertsonaiarik zaharrenaren zen berrienaren itxurak eraberrituak ikus daitezke. Ryu bueltan da, baita SF5-eko Luke ere.

Ez dituzte ez argitaratze plataformak, ez data zehaztu. Hala ere, aurten berritasun gehiago izango ditugu Street Fighter 6ren inguruan. Itxaron egin beharko da, baina: uda aldera informazio berria emango dutela agindu dute Capcomekoek. Ikusteko dago E3 azoka edo Summer Game Fest bezalako ekimenen batean egingo duten.

 

Borroka klasikoen bilduma

Street Fighter ez da gaurko Capcomen izar bakarra izan. Darkstalkers, Red Earth edota Cyberbots bezalako borroka frankizia klasikoak itzuliko dira ekainaren 24an Capcom Fighting Collection itxurosoarekin.

Bilduma honekin Capcomek borroka jokoekin duten lotura estua errepasatzeari ekingo diote: hamar klasiko batuko dituzte, hain zuzen ere. Hemen doa zerrenda osoa:

  • Darkstalkers: The Night Warriors
  • Night Warriors: Darkstalkers’ Revenge
  • Vampire Hunter 2: Darkstalkers’ Revenge
  • Vampire Savior: The Lord of Vampire
  • Vampire Savior 2: The Lord of Vampire
  • Hyper Street Fighter II: The Anniversary Edition
  • Red Earth
  • Super Gem Fighter Mini Mix (Pocket Fighter)
  • Cyberbots: Full Metal Madness
  • Super Puzzle Fighter II Turbo

Borroka jokoen zaleentzat horren interesgarriak diren titulu hauek hainbat hobekuntzekin etorriko dira. Esanguratsuena, ziurrenik, rollback netcode-a izango da: honi esker sare bidezko partiden kalitatea asko areagotuko dute. Arte galeriak, soinu bandak, partida edozein unetan gordetzeko aukera eta beste hainbat ezaugarri aipatzen dituzte arduradunek.

Capcom Fighting Collection PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da.